Mundua -
Migrazio-kontrola
Kolonbiak irakurgailu elektronikodun ateak jarriko ditu Venezuelako mugan
Herrialdeko Migrazio arloko zuzendari nagusiaren arabera, Venezuelako krisi ekonomiko eta sozialetik ihes eginez Kolonbiara joaten diren migratzaileen sarbidea kontrolatzea da helburua.
Agentziak | Erredakzioa
Christian Kruger Kolonbiako Migrazio zuzendariak iragarri duenez, Venezuelako mugan dauden zazpi kontrol-postuetan irakurgailu elektronikodun ateak jarriko dituzte, Venezuelako krisi ekonomiko eta sozialetik ihesi datozen herritarren sarbidea gainbegiratzeko.
Azken bi asteotan % 30 egin du behera Kolonbiara modu legalean sartu diren venezuelar kopuruak. Izan ere, Kolonbiako Gobernuak migrazio kontrolak areagotu ditu, mugara 3.000 soldadu gehiago bidalita.
"Irakurgailuak jarriko ditugu migrazioa kontrolatzeko zazpi kontrol-postuetan. Hala, herrialdetik sartu edo irten nahi duen edozein herritarrek dokumentua aurkeztu beharko du, eta sistema teknologiko batek erabakiko du sarbidea baimendu ala ez", azaldu du Krugerrek.
Egunero milaka venezuelarrek igarotzen dute Kolonbiako muga, gorantz doan indarkeria, oinarrizko produktuen eskasia eta Nicolas Madurok gidatzen duen herrialdeko hiperinflazioa alde batera utzi nahian.
Gaur egun, 35.000 venezuelar joaten dira Kolonbiara egunero; orain dela bi aste, berriz, 48.000 ziren batez beste. Ondoren gehienak itzultzen diren arren, 2.000 inguru Kolonbian geratzen dira; beste batzuk, aldiz, Hego Amerikako edo Erdialdeko Amerikako beste nazio batzuetara abiatzen dira handik, Krugerek jakinarazitakoaren arabera.