Mundua -
Batzarra
Erresuma Batuaren eta EBren arteko segurtasun akordioa defendatu du Mayk
Britainia Handiko lehen ministroak Municheko Segurtasun Batzarrean egin ditu adierazpenok.
Agentziak | Erredakzioa
Theresa May Britainia Handiko lehen ministroak Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko segurtasun akordio berri bat eskatu du brexitaren ostean. Izan ere, Mayren aburuz, gaur egungo elkarkidetza bertan behera uzteak "ondorio kaltegarriak" izan ditzake.
Mayk Municheko Segurtasun Batzarrean egindako agerraldian egin ditu adierazpenok. Nazioarteko politikari buruzko foro garrantzitsu horretan adierazi duenez, bi alde horien arteko segurtasun hitzarmena egiteko "borondate politikoa" behar da, "Europa osoko herritarrak seguruago" egon daitezen.
Ondoren gaineratutakoaren arabera, itun horrek gaur egun indarrean dagoen segurtsun alorreko lankidetzari eutsi behar dio, azken urteotan garatutako gaitasunak zaintzeaz gain, nork bere lege burujabetza mantenduta. Horrenbestez, Londresek Europar Batasuneko Justizia Auzitegia aitortuko luke, nahiz eta ez lukeen Erresuma Batuan eskumenik izango.
"Gure gaitasunak mantenduko dituen segurtasun harreman berri bat proposatu nahi dut", esan du Mayk. Hiru "baldintza" aipatu ditu: nork bere lege burujabetza, liskarrak konpontzeko mekanismo bat eta datuak babesteko estandar desberdinak.
Hala eta guztiz ere, Bruselari eta brexitaren negoziatzaileei zuzendutako oharra helarazi du: "defentsa eta segurtasun arloan lankidetza ez mantentzea bada lehentasuna, emaitzak oso kaltegarriak izan daitezke".