Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

AEBko Kongresuak Aurrekontuak onartu ditu, administrazioa berriro ireki ahal izateko

AEBko Gobernuak administrazioa itxi du gauerdian, hiru astean bigarren aldiz. Oraingoan senatari errepublikano batek blokeatu du Aurrekontuen inguruko bozketa.

Kapitolioa, Washington. Argazkia: EFE
Kapitolioa, Washington. Argazkia: EFE
Kapitolioa, Washington. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Kongresuak aurrekontu proiektua onartu du eta Donald Trump presidentearen sinaduraren zain, gauerditik itxita dagoen administrazioa berriro zabaltzea ahalbidetuko du.

Kongresuko bozketan aldeko 240 boto eta kontrako 186 boto izan dira.

Horren aurretik, Senatuak goizaldean onartu ditu datozen bi urteetarako Aurrekontuak. Aurrekontu proiektuak demokrata gehienen babesa jaso du. Guztira, 71k aldeko botoa eman dute eta 28k, ostera, kontra.

AEBko Gobernuak administrazioa itxi du gauerdian, hiru astean bigarren aldiz. Oraingo honetan Rand Paul senatari errepublikanoak blokeatu du datozen bi urteetarako Aurrekontuen inguruko bozketa.

Asteazkenean Aurrekontuen inguruko akordioa lortu zuten errepublikanoek eta demokratek, eta, besteak beste, gastua eta zorra handitzea eta hurrengo bi urtetan 300.000 dolarreko diru ekarpena egitea adostu zuten. Paul senataria erabaki horren kontra agertu da eta horregatik blokeatu ei du Senatuko bozketa.

Urtarrilaren 20an Gobernua itxi behar izan zuen Donald Trump presidenteak eta hiru egun iraun zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump