Mundua -

AEB

NBEren gehiengoa, Trumpek Jerusalemen inguruan egindako adierazpenaren kontra

Trumpek Jerusalem Israelgo hiriburu gisa aitortzeko egindako adierazpena bertan behera uztea eskatu dute 128 estatuk. 193 herrialde daude NBEren Batzar Nagusian.

NBEren bozketa. EFE
NBEren bozketa. EFE
NBEren bozketa. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak gehiengoz eskatu dio Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari Jerusalem Israelgo hiriburu gisa aitortzeko egindako adierazpena bertan behera uzteko, atzo bertan Trumpek horren inguruko mehatxuak egin arren. Izan ere, NBEk bozkatu duen mozio horren alde agertzen ziren estatuei diru-laguntzak kentzeko mehatxua egin zuen AEBko presidenteak.

Zehazki, 193 estatuk osatzen dute Batzar Nagusia, eta horietako 128 mozio horren alde agertu dira (Espainia eta EBko beste estatuak, besteak beste). Kontra, berriz, 9 herrialdek bozkatu dute (AEB bera eta Israel, tartean). 35 ordezkari abstenitu egin dira.

Mahmud Abas presidente palestinarra pozik agertu da "Palestinarentzat garaipen" gisa definitu duen bozketaren emaitzarekin. "Erabaki honek agerian uzten du, beste behin, Palestinak nazioartearen babesa duela eta alde bakar batek hartutako erabaki batek ezin duela errealitatea aldatu: Jerusalem lurralde okupatua dela, Nazioarteko Zuzenbidearen arabera", gaineratu du.

NBEren Batzar Nagusiak urgentziazko bilera egin du gaur, atzo bertan Segurtasun Kontseilua bildu ostean. Izan ere, AEBk jarritako betoaren ondorioz, baztertu ezin zuten Trumpen neurriaren kontrako ebazpena. Ostegun honetan onartutako testuak zehazten duenez, baina, Jerusalemen estatusa "negoziazioen bitartez" ebatzi behar da.

Trumpek ez zuen ezkutatu atzo bertan egitekoa zen bozketaren kontrako jarrera, eta mozio horren alde agertzen ziren estatuei diru-laguntzak kentzeko mehatxua ere egin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak NBE bideoak Gaurko azken orduko albistea Donald Trump albisteak Israel albisteak Palestina azken orduko albisteak Jerusalem gaur Ekialde Hurbila gaur