Mundua -
Internet
AEBn bertan behera utzi dute Interneteko neutraltasuna
Aldaketa horrek zein neurritan eragiten duen eta nola aplikatzen den ikusi bitartean, bistan da enpresa hornitzaile horiek erabiltzaileei murrizketak ezarri ahal izango dizkietela.
Agentziak | Erredakzioa
AEBko Komunikazioen Batzorde Federalak (FCC) bertan behera utzi du Interneteko zerbitzua ematen duten enpresek neutraltasuna bermatzeko 2015eko araua. Horrela, enpresa hornitzaileek hautazko murrizketak onartu ahal izango dituzte hemendik aurrera, erabiltzailearen eta edukiaren arabera.
Aldeko hiru botorekin eta aurkako birekin, FCCk bukaera eman dio Barack Obama AEBko presidenteak bultzatutako politikari, indarrean zegoen arauak sarearen"azpi-kudeaketa" ekartzen duela uste baitute.
"Ez dugu Internet suntsituko. Ez diogu demokraziari amaiera emango. Ez da online bidezko adierazpen askatasuna murriztuko", esan du Ajit Pai Batzordeko arduradun errepublikanoak.
Erreformak AT&T, Comcast eta Verizon enpresen babesa izan du, baina Facebook eta Alphabet enpresek, berriz, kritikatu egin dute erabakia.
Aldaketa horrek zein neurritan eragiten duen eta nola aplikatzen den ikusi bitartean, bistan da enpresa hornitzaile horiek erabiltzaileei murrizketak ezarri ahal izango dizkietela edo gehiago kobratu ahal izango dietela hainbat edukirengatik. Kaltetuetako batek, Netflix plataformak, "desengainu handia" hartu duela esan du, eta "epaitegietan borroka luzea" izango dutela aurreikusi du.