Mundua -
Lehena izango da munduan
Jerusalem Israelgo hiriburu gisa onartu du Trumpek, eta hara eramango du enbaxada
"Jerusalem Palestinako Estatuaren hiriburua da, betiko", esan du Mahmud Abasek, Trumpen iragarpenaren ostean.
agentziak
Donald Trump AEBko presidenteak Jerusalem Israelgo hiriburu aitortu duela iragarri zuen atzo, asteazkena. Gainera, AEBren enbaxada han jarriko duela esan zuen (gaur egun Tel Aviven dago). "Erabaki dut garaia dela Jerusalem Israelgo hiriburu gisa aitortzeko", esan zuen Trumpek, Etxe Zurian egin zuen agerraldian. Bertan, gainera, lasaitasunerako deia ere egin zuen bere iragarpenak piztutako tentsioen aurrean.
AEBko presidenteak adierazi zuenez, "agerikoa dena aitortzea" baino ez da hau, eta esan zuen bere aurretik presidente izandakoek onartu nahi izan ez dutena da, "ausardia faltagatik". "Hau errealitatearen aitortza baino ez da. Egokia dena, egin beharreko zerbait", gaineratu zuen.
Iragarpenaren ostean piztutako tentsioen aurrean, Trumpek lasaitasunerako deia egin nahi izan zuen, eta eskatu zuen "tolentziaren ahotsak gorrotoaren jartzea". Halaber, adierazi zuen erabaki hau ez dela ulertu behar israeldarren eta palestinarren arteko bake prozesuarekiko konpromiso falta bezala, eta agindu zuen ahal duen guztia egingo duela bi aldeei hori lortzen laguntzeko.
"AEBk bi Estaturen irtenbidea babestuko du hori baldin bada bi aldeek adosten dutena", gaineratu zuen.
Erreakzioak
Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarraren hitzetan, erabakia "bidezkoa eta ausarta" da. "Egun historikoa da hau", gaineratu zuen.
Mahmud Abas Palestinako presidenteak, bestalde, adierazi zuen AEBko presidenteak nazioarteko ebazpen eta akordio guztiak hautsi dituela. "Jerusalem Palestinako Estatuaren hiriburua da, betiko", esan zuen, eta adierazi du asteazken honetako adierazpenen ostean Donald Trump ezin dela bitartekari izan inongo bake prozesutan.
Hamasek AEBren kontrako matxinada deitu zuen, "AEBren interesen kontra aritzera" deituta.
NBEk, berriz, jakitera eman zuen Jerusalemen estatusa israeldarren eta palestinarren arteko negoziazio zuzenetan erabaki behar dela. Horri lotuta, bere idazkari nagusia bi estatuen irtenbidearen aldeko negoziazioetan aurrera egitearen alde azaldu zen. "Argi adierazi nahi dut: ez dago beste irtenbiderik. Ez dago B planik".
Enbaxadaren lekualdaketa: 3 edo 4 urte
Prozesu horrek "urteak" beharko ditu, aurreratu zuten anonimotasunean mantendu diren Gobernuko zenbait funtzionariok. "1.000 pertsona inguru daude Tel Aviveko enbaxadan lanean, eta ez daukagu halako eraikinik Jerusalemen. Denbora beharko dugu lekua topatzeko, arriskutik kanpo dagoela ziurtatu, enbaxada berri bat diseinatu eta eraikitzea", azaldu zuten.
"Gaur egun, ezin da AEBrako enbaxada bat eraiki 3 edo 4 urte baino gutxiagoan. Honakoan ere holaxe gertatuko da", beste funtzionario baten hitzetan.
Munduko lehen herrialdea
Hala, Estatu Batua munduko herrialde bakarra da jada Jerusalem Israelgo hiriburu gisa aitortzen. Izan ere, herrialde batek ere ez dauka enbaxada han, 1980.ean Israel hiriko ekialdera joan zenean, NBEk ordezkaritzak mugiarazteko eskatu baitzion nazioarteari.
Israelek ere Jerusalem hiriburutzat hartzen badu ere, herrialdeak hiri horretako ekialdean ezarritako subiranotasuna ez du nazioarteko gehiengoak onartzen, eta palestinarrek han ezarri nahi dute etorkizuneko estatuaren egoitza.
Halere, Etxe Zuriren ustean, bere erabakia "errealitate bat aitortzea da, bai historikoa -Jerusalem Estatu judutarraren hiriburua izan da- baita garaikidea ere, Estatua 1948an sortu zutenetik".