Mundua -
Venezuela
Venezuelako Gobernua eta oposizioa akordioa ixtear daudela dio Madurok
Elkarrizketan aurrera egiteko Venezuelak lagun dituen herrialdeekin batzorde bat osatzeko premian bat egin zuten bi aldeetako ordezkariek joan den ostegunean.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako Gobernua eta oposizioa negoziaketan hasi dira, bitartekari talde baten aurrean, herrialdeak bizi duen krisi egoera atzean uzteko asmoz. Hala, bi aldeak akordioa ixtear daudela ziurtatu du Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak.
Venezuelak lagun dituen herrialdeekin batzorde bat osatzeko premian bat egin zuten bi aldeetako ordezkariek joan den ostegunean Dominikar Errepublikan izandako elkarrizketan. Besteak beste, Bolibiak, Txilek, Mexikok eta Nikaraguak osatuko lukete batzorde hori.
"Hainbat astez luzatutako elkarrizketen ostean bakea, subiranotasuna eta elkarbizitza politikoaren inguruan akordioa ixtear gaude Venezuelako Gobernua eta oposizioa. Lanean gaude", esan du Madurok.
Dena dela, momentuz ez du xehetasunik eman nahi izan eta elkarrizketaren inguruan "gezurrak" esatea leporatu dio Batasunaren Mahai Demokratikoari (MUD).
Venezuelako Gobernuarekin "negoziazio serioa, formala eta nazioarteko herrialdeen babesarekin" hasteko oinarrizko baldintzak jarri zituen oposizioko alderdiak biltzen dituen koalizio horrek. Besteak beste, balizko akordioak erreferendumean onartzeko baldintza jarri zuen.