Mundua -
venezuela
Venezuelan 'ekintza militar' bat egitea ez du baztertu Trumpek
'Mundu osoan ditugu tropak, oso urrun dauden lekuetan ere bai. Venezuela ez dago oso urruti, eta bertako jendea sufritzen eta hiltzen ari da', gaineratu du.
agentziak | erredakzioa
Donald Trump AEBtako presidenteak ez du baztertzen Venezuelan ekintza militar bat egitea: "Aukera asko ditugu Venezuelan, baita ekintza militarrarena ere, beharrezkoa bada", esan du buruzagi estatubatuarrak, bere gobernuko hainbat kide alboan zituela.
"Mundu osoan ditugu tropak, oso urrun dauden lekuetan ere bai. Venezuela ez dago oso urruti, eta bertako jendea sufritzen eta hiltzen ari da", gaineratu du. Trumpen hitzetan, "nahasmen oso arriskutsuan murgilduta" dago Venezuela.
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea "diktadore bat" dela esan du, asteon, Trumpek, hedabideen aurrean. Pentagonoak ziurtatu duenez, oraingoz, ez dute Etxe Zuriaren agindurik jaso, Venezuelan "esku hartze militar bat" martxan jartzeko.
"Mehatxu iraingarriak"
Beste alde batetik, Delcy Rodriguez Venezuelako Batzar Nazional Konstituziogileko presidenteak ziurtatu du neurriak hartuko dituztela Nicolas Madurori babesa adierazteko, Donald Trump AEBko presidenteak Venezuelako buruzagiaren kontra jaurtitako "mehatxu iraingarrien" ondoren.
"Batzar Konstituziogileak neurriak hartuko ditu; Venezuelaren alde egin eta gure buruzagi den Nicolas Madurori babesa adierazteko", idatzi du Rodriguezek bere Twitter kontu pertsonalean. Venezuelako Kanpo ministro ohiak #TrumpRespetaAVenezuela (Venezuela errespeta ezazu, Trump) traolarekin zabaldu ditu mezuak sare sozial ezagun horretan. Ildo horretatik, Batzarrak "bakea eta herritarren subiranotasuna bermatu" egingo duela ziurtatu du.
Vladimir Padrino Lopez Venezuelako Defentsa ministroak, berriz, "erokeriatzat" eta "estremismo handitzat" hartu ditu Trumpen adierazpenak. Era berean, Venezuelako Kanpo Ministroak datozen orduotan "erantzun formala" emango diola iragarri du.