Mundua -

'Brexit'

Akordiorik gabe ere EBtik ateratzeko prest dago Erresuma Batua

'Brexit'aren ministroak nabarmendu duenez, europarrak ez dira euren etorkizuneko eskubideez arduratu behar.

Agure bat Londresen. EFE
Londres. EFE
Agure bat Londresen. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batua prest dago 'Brexit'a gauzatzeko Europar Batasunarekin (EB) akordioa lortzen ez badu ere, David Davis 'Brexit'aren ministroak nabarmendu duenez.

"Negoziazio batera hura uzteko ahalmen barik joanez gero, emaitza txarra izango duzu ezinbestean", adierazi du Davisek BBC irrati katean egin dioten elkarrizketan. Dena dela, EBko agintariekin ituna lortuko dutelakoan dago ministro britainiarra.

Davisen esanetan, "EBko estatuek euren interesak dituzte, beraz, garrantzitsua da negoziazioa uzteko aukera izatea. Ez dut uste hori gertatuko denik, baina aukera behintzat eduki behar dugu".

'Dibortzioa'rekin herritar europarrek euren eskubideak galduko ote dituzten galdetuta, ezetz erantzun du 'Brexit'aren ministroak. Haren ustez, EBko herritarrek ez dute zertan kezkatu, eta auzia lehenbailehen argitzen saiatuko direla nabarmendu du.

"Erresuma Batuan bizi diren asko kezkatuta daude han bizitzen jarraitzeko modurik izango ez dutelako, eta Espainian bizi diren britainiarrek ere kezka bera dute. Kezka horiek guztiak alferrikakoak dira, ez dute zertan arduratu. Lehenbailehen argitzen saiatuko gara", azaldu du.

Horren arabera, 'Brexit'aren xehetasunak negoziatzen arituko da bera, eta Theresa May lehen ministroaren esku egongo dira EBko buruzagiekin egin beharreko "negoziazio handiak".

May hizpide hartuta, lehen ministroaren defentsa sutsua egin du Davisek, eta George Osborne Finantza ministro ohiaren adierazpenak kritikatu ditu. Osborneren esanetan, May "hilotz ibiltaria da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Erresuma Batua bideoak Eguneko albisteak Brexita Zer da Brexita Theresa May albisteak