Mundua -

Latinoamerika

Maduroren kontrako protestak hasi zirenetik 66 pertsona hil dira Venezuelan

Bestalde, Asanblada Nazional Konstituziogilea abian jartzeko prozesuak aurrera jarraitzen du, Hauteskunde Batzorde Nazionalak uztailaren 30ean onartuko baitu.

Protestak Venezuelan. Argazkia: EFE
Protestak Venezuelan. Argazkia: EFE
Protestak Venezuelan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Maduroren Gobernuaren kontrako protestak hasi zirenetik 66 pertsona hil eta mila bat zauritu dira Venezuelan. Oposizioak apirilaren 1ean antolatu zuen lehen manifestazioa, eta protesta jendetsu ugari egin dituzte azken asteotan. Alabaina, toki askotan liskarrak sortu dira manifestarien eta segurtasun indarren artean; izan ere, Venezuelako Guardia Nazionalak negar gasa erabili du herritarrak sakabanatzeko. Arrazoi horregatik, protesten aurrean erabilitako “errepresioa” behingoz desagerrarazteko eskatu dio oposizioak.

Atzo, asteazkena, 17 urteko mutil bat hil zen protestetan. Segurtasun indarrek negar eragiteko jaurtitako poto batek bularrean jota hil zela salatu du oposizioko diputatu batek, baina manifestariak prestatzen ari ziren lehergailu batek eskuan eztanda egin ziola esan du Venezuelako Komunikazio eta Informazio ministroak. Dena dela, haren heriotza ikertzeko fiskal bat izendatu duela jakinarazi du Ministerio Publikoak.

Fiskaltzak baieztatu duenez, adingabea Caracas hiriburuko Francisco Miranda etorbidean zegoela, “ezohiko zerbait gertatu zen, eta larri zauritu zen”.

Bitartean, Asanblada Nazional Konstituziogilea abian jartzeko prozesuak aurrera jarraitzen du, Hauteskunde Batzorde Nazionalak uztailaren 30ean onartuko baitu.

Horren aurrean, Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD) erabaki horren kontrako protesta egin zuen asteazkenean, baina Venezuelako Guardia Nazionalak negar eragiteko gasa erabili zuen manifestariak sakabanatzeko.

Bestalde, Asanblada Nazional Konstituziogilea osatzen duten ordezkariak aukeratzeko herrialde horretan egingo duten bozketan parte hartzeko deia egin die Madurok herritarrei, “trumoiak jo edota euria egiten badu ere”. Izan ere, oposizioko kideek bozketa horretan trabak jartzen eta sabotajea egiten saiatuko direla esan du Venezuelako presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Venezuela Latinoamerika Manifestazioak Nicolás Maduro gaur