Mundua -
Erresuma Batua
Erresuma Batuaren irteera 'ordenatua' adostu nahi du Europar Batasunak
'Brexit’-ak herritarrengan, enpresengan eta Europako herrialdeengan izango dituen ondorioak “murrizteko” bere esku dagoen guztia egingo duela esan du Europar Kontseiluko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Theresa May lehen ministro britainiarrak Erresuma Batua Europar Batasunetik (EB) irteteko prozesua martxan jarri duen gutuna sinatu ondoren, irteera “ordenatua” adosteko helburua adierazi dute EBko buruzagiek. Hala, ‘brexit’-ak herritarrengan, enpresengan eta Europako herrialdeengan izango dituen ondorioak ahalik eta gehien “murrizteko” bere esku dagoen guztia egingo duela ziurtatu du Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak.
“Europar Batasuna aho batez jardungo du, eta bere interesak babestuko ditu. Erresuma Batuak hartutako erabakiak herritarrei, enpresei eta Europako herrialdeei sortu dien segurtasun eza ahalik eta gehien murriztea izango da gure lehentasuna”, irakur daiteke Europar Batasuneko hogeita zazpi kideek sinatutako adierazpenean.
Donald Tuskek azaldu duenez, Europar Batasuneko herrialde guztiak Erresuma Batuarekin “elkarrizketa sakonak” izateko prest agertu dira, eta akordio bat bilatzeko ahalegin handia egingo dutela ziurtatu du. Ildo horretatik, Erresuma Batua EBren “bazkide estua” izatea espero duela gaineratu du.
“Ez dago inolako arrazoirik gaurkoa egun zoriontsua dela esateko; ez Erresuma Batuarentzat ezta Europar Batasunarentzat ere”, esan du. Aurretik, Tim Barrow enbaxadore britainiarrarekin bildu da. Bere eskutik jaso du ordu batzuk lehenago Therea Mayk sinatutako sei orriko gutuna, Lisboako Itunaren 50.artikuluari erreferentzia eginez ‘brexit’-a ofizialki abiarazteko.
Hala, Europar Batasunetik bereizteko akordioa indarrean jarri denez, bi aldeek bi urteko epea izango dute Erresuma Batuaren irteera adosteko. 2019ko martxoaren 29an, beraz, ofizialki Europar Batasunetik kanpo egongo da.
Dena dela, Lisboako Itunaren 50. Artikuluaren bigarren paragrafoan zehazten denez, Kontseilu Europarra eta berezi nahi duen estatua ados jartzen badira, aho batez epe hori luzatzea erabaki dezakete.
Era berean, Erresuma Batuaren irteera formalki gauzatu arte Europar Batasunaren legeak errespetatu eta bete egin beharko dituela azpimarratu du Europar Kontseiluko presidenteak. Halaber, epe horretan gainontzeko herrialdeek dituzten eskubide berberak izango dituela gaineratu du.
Lerro gorriak
Ostiral honetan, Erresuma Batuarekin negoziatzeko proposatzen dituen “lerro gorrien berri” emango du Donald Tuskek. Apirilaren 29an egingo den ezohiko bileran, Estatu buruak eta EBko Gobernu buruak baldintza horiek onartzea aurreikusi dute.
Une horretatik aurrera Europako Kontseiluak negoziaketen inguruko txosten bat prestatzen hasiko da, ondoren, Batasuneko herrialdeek akordio hori berretsi dezaten. Bruselak EBren izenean hitz egingo du Londresko ordezkariekin.
Batasuna uzteko behin betiko akordioa onartzeko beharrezkoa izango da Europako Parlamentua eta herrialde guztiak ados jartzea. Azkenik, Kontseiluak sinatuko du hitzarmena Batasunaren izenean.