Mundua -
Erresuma Batua
'Brexitaren' ostean botere gehiago hitzeman die Mayk autonomiei
Ingalaterraren, Eskoziaren, Galesen eta Ipar Irlandaren interes espezifikoak kontuan hartzeko konpromisoa hartu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Brexitaren" ostean botere gehiago hitzeman die Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak administrazio autonomoei, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteko Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteari igorritako gutunean.
"Prozesu honen ondorioz, administrazio autonomiko bakoitzak bere botere ahalmena handitzea espero du Gobernuak", adierazi du Mayk.
Erresuma Batuak Europar Batasunetik irteteko eskatu duela-eta, Eskoziako Gobernuak independentziari buruzko beste erreferendum bat egin nahi du 2018an edo 2019an. Halaber, "brexitak" ezinegona eragin du Ipar Irlandan.
"Hasiera-hasieratik eta negoziazioek irauten duten bitartean, Erresuma Batu bakar gisa hitz egingo dugu", zehaztu du lehen ministroak. Aldi berean, Erresuma Batua osatzen duten eskualde eta nazio bakoitzaren interes espezifikoak kontuan hartuko dituela hitzeman du (Ingalaterra, Eskozia, Gales eta Ipar Irlanda).
Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko haustura gauzatzen denean, —2019ko udaberrian edo— orain arte Europar Batasunak kudeatu dituen hainbat eskumen berreskuratuko ditu. Lehen ministroak azaldu duenez, Westminsterrek izan behar dituen eskumenak eta Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak izan behar dituztenak zein diren galdetuko dute.