Mundua -

Probak

Ipar Koreak lau misil balistiko jaurti ditu itsasora

Japoniak, Hego Koreak eta AEBk esan dute "onartezina" dela misilak botatzea, eta ondorioak izan daitezkeela ohartarazi diote Piongiangi. EBk ere bat egin du gaitzespenarekin.

Ipar Korearen misil baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Ipar Korearen misil baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Ipar Koreak lau misil balistiko jaurtiki ditu itsasora

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Koreak lau misil balistiko jaurti ditu gaur, astelehena, eta 1.000 kilometro inguruko bidea egin dute Japoniako itsasoan, hau da, Japoniako Gune Ekonomiko Berezian, erori baino lehen, gobernu hegokorearrak eta japoniarrak zabaldu dutenez.

Jaurtiketa 07:06an egin dute (23:36, gurean), Tongchang-ri hiritik (herrialdearen ipar-mendebaldeko kostaldean) Ekialdeko Itsasorako norabidean, Hego Koreako Aginte Gorenak (JCS) zehaztu duenez.

Hego Korea eta AEB informazioa aztertzen ari dira, nolako misilak jaurti dituzten zehazteko. Hego Koreako Defentsa Ministerioko ordezkari baten esanetan, ez dirudi jaurtitako horiek kontinentearteko misil balistikoak direnik.

Horren arabera, Yonhap albiste agentziak prentsaurreko batean jaso duenez, misilek "260 kilometro inguruko" altuera hartu dute.

Hego Koreako Gobernuaren iritzian, "mehatxu larria" da misil balistikoak jaurtitzeak, eta, horrela jokatzeagatik, "larrutik ordainduko du", ohartarazi dio Piongiangi.

AEBko Gobernuak, bere aldetik, gaitzespen "irmoa" egin du, eta "Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordearen ebazpenen aurka" doazela gaineratu du.

Horren ildotik, Mark Toner Estatu Departamentuko jarduneko bozeramaileak azpimarratu du Washington "aukera asko prestatzen" ari dela "handituz doan mehatxu horren aurka", zabaldu du CNNk.

Shinzo Abe Japoniako lehen ministroaren hitzetan, "erabat onartezina" da misilen jaurtiketa, Kiodo agentzia japoniarraren arabera.

"Japoniak AEB, Hego Korea eta beste herrialde batzuekin koordinatzen jarraituko du Ipar Koreari gelditu dadila eskatzeko", iragarri du.

Azkenik, Federica Mogherini Europar Batasuneko (EB) Kanpo Politikarako ordezkariak EBren elkartasuna helarazi die Japonia eta Hego Koreari, eta munduaren segurtasunerako mehatxu "larritzat" jo du jaurtiketa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europako herrialdei buruzko albisteak Japonia bideoak Albisteak Hego Korea Ipar Korea Albisteak