Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelek eta Palestinak Estatu bakarra osatzea babestuko luke Trumpek
AEBko presidenteak esan du israeldarrek eta palestinarrek adosten dutena errespetatuko duela, Palestinako Estatua sortzeko konpromisotik aldenduta.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trumpek esan du Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren konponbidean “Estatu bakarra nahiz bi sortzea” babesteko prest dagoela, azken 20 urteotan Washingtonek izan duen jarrera aldatuta.
“Konponbide gisa bi Estatu edo bakarra sortzeari dagokionez, bi aldeek gustuko dutena gustatuko zait niri ere. Bi aukera horiekin bizi naiteke”, adierazi du.
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarra hartu du Etxe Zurian, eta bilera hasi aurretik egin ditu adierazpenok.
Trumpek agindu du Israelen eta Palestinaren arteko “bake-akordio handi bat” lortzeko lan egingo duela.
Hala ere, “bi aldeak dira bake-akordioa zuzenean negoziatu behar dutenak. Gu haien ondoan izango gara eta haiekin lan egingo dugu. Eta negoziazioak arrakasta izan dezan, bi aldeek egin beharko dituzte kontzesioak”, azpimarratu du Trumpek Netanyahuri begira.
Palestinarrei “umetatik jasotako gorrotoa” albo batera uzteko eskatu die; Israeli, berriz, “malgutasuna” galdegin dio, bake lortzeko.