Mundua -
Frantzia
Marine Le Pen hautagai ultraeskuindarrak 'ezinezkoa posible' dela dio
Frantziako alderdi ultraeskuindarraren liderrak 'Brexita' eta Donald Trumpek AEBn lortutako garaipena aipatu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Marine Le Pen Frantziako alderdi ultraeskuindarraren (Fronte Nazionala) liderrak "ezinezkoa posible dela" baieztatu du hauteskunde-kanpainaren aurkezpenean. 'Brexita' eta Donald Trumpek AEBn lortutako garaipena aipatu ditu.
Alderdiaren batzar presidentziala amaitzeko Lyonen emandako hitzaldian, Le Penek austriarrak aipatu ditu, "lehen itzulian alderdi tradizionalak atzean uzteagatik”. Italiarrei ere erreferentzia egin die, "Renzik proposatutako Konstituzioaren erreformari uko egiteagatik".
"Nazio horiek herriak esnatu daitezkeela oligarkien aurka eta posible dela", adierazi du lider ultraeskuindarark 3.000 pertsona baino gehiagoren aurrean.
FN alderdiko buruak zin egin du agintean egiten dituen lehen sei hilabeteetan galdeketa antolatuko duela Europar Batasuna uzteko.
"Beste herrialde batzuek bidea erakutsi digute, Britainia Handiak Brexitarekin egin duen moduan, adibidez", baieztatu du.
Hitzaldian, globalizazio ekonomikoaren eta fundamentalismo islamiarraren aurka hitz egin du, batik bat: "Frantziarentzat mehatxuak diren bi totalitarismo".
Le Pen faborito nagusia da inkestetan, apirileko eta maiatzeko hauteskunde presidentzialetako lehen errondan irabazteko. 144 proposamen aurkeztu ditu, hainbat gai nagusitan antolatuta: Frantzia "askea", "ziurra", "oparoa", "bidezkoa", "harroa", "indartsua" eta "iraunkorra".