Mundua -
Bozketa
Erresuma Batuko Parlamentuak babestu egin du 'Brexit'a abiatzea
Komunen Ganberak lehen urratsa egin du Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erresuma Batuko Komunen Ganberak babestu egin du Lisboako Itunaren 50. artikulua aktibatzea, herrialdea Europar Batasunetik ateratzeko. Horrenbestez, Theresa May lehen ministroaren Gobernuak martxoa arteko epea izango du 'Brexit'a abiatzeko.
Diputatuek argi berdea eman diote Europar Batasunaren Legeari. 498k alde bozkatu dute, eta 114k, aurka.
Orain, testua beste fase batera pasatuko da Komunen Ganberan eta Lorden Ganberan. Prozesu osoa martxo hasieran egon liteke bukatuta.
David Davis Brexiterako ministroak aldarrikatu du ezin zaiola "entzungor" egin ekaineko erreferendumaren emaitzari, boto-emaile gehienek Europar Batasunetik ateratzea bozkatu zutelako.
Keir Starmer laboristak aitortu egin du bere alderdia "egoera zailean" dagoela, kontsultaren emaitzak ez errespetatzea antidemokratikoa litzatekeela esan baitu. 47 diputatu laboristak ildo ofiziala hautsi dute.
Azkenik, Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) aurka bozkatu du.