Mundua -
Segurtasun Kontseilua
Palestinako asentamenduekin berehala bukatzea eskatu dio NBEk Israeli
Netanyahuren hitzetan ebazpen hori ''lotsagarria'' da, eta Obamaren jarrera kritikatu du. Izan ere, AEB abstenitu egin da eta testuak aurrera egin du.
Agentziak | Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Palestinako asentamenduen inguruko ebazpena onartu du ostiral honetan. Bertan, Israeli eskatu diote asentamenduekin ''berehala'' eta ''erabat'' bukatzeko.
AEBren abstentziori esker egin du testuak aurrera. 2011n antzeko ebazpen baten bozkatu zuten, orduan horren kontra azaldu ziren Estatu batuak. Oraingoan, baina, abstentziora jo dute, eta ebazpenak aurrera egin du.
Azken egunotan Donald Trumpek Obamari eskatu izan dio testu horren kontra azaltzeko, eta Egiptok proposamena ez aurkeztea ere lortua zuen. Baina, Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak ez diren lau herrialdek (Venezuelak, Zeelanda Berriak, Malasiak eta Senegalek) testua bozkatzea bultzatu dute, Egiptok atzera egin eta 24 ordura.
Ebazpena
Ostiral honetan onartutako testuak Israeli eskatzen dio Palestinako asentamenduen politika bertan behera uztea (tartean ekialdeko Jerusalem ere), eta berretsi egiten du gatazka konpontzeko palestinar estatua sortu beharra dagoela, Israelekin elkarbizitzan. Egoera hori, baina, arriskuan dago asentamenduen zabalkundea dela-eta, testuak adierazten duenez.
Ebazpenean jasotzen denaren arabera, asentamenduak ''nazioarteko legedia urratzen dute eta oztopo dira bi estatuen arteko irtenbide bat erabateko bake bidezko eta iraunkor bat lortzeko''. Horrez gain, ebazpenak zehazten du ez dela 1967ean ezarritako ildoen gaineko aldaketarik onartuko, bi aldeek negozioaren bitartez onartzen ez baldin badute.
Halaber, NBEk ''zibilen kontrako indarkeria ekintza guztiei'' aurre egiteko neurriak eskatzen ditu.
2009tik gatazkaren inguruan NBEk onartzen duen lehen ebazpena da hau.
Netanyahuren hitzetan ''lotsagarria'' da eta ebazpena beteko ez duela iragarri du
Benjamin Netnayahu Israelgo lehen ministroak gogor gaitzetsi du Nazio Batuen erakundeak onartutako ebazpena, eta ''lotsagarri''tzat jo du. "Israelek gaitzetsi egiten du Israelen kontrako ebazpen lotsagarri hau eta ez du beteko bertan jasotakoa'', esan du ohar baten bidez.
''Segurtasun Kontseiluak ez du ezer egiten Siriako hilketak gelditzeko, eta modu lotsagarrian egin dio eraso Ekialde Hurbileko benetako demokrazia bakarrari'', gaineratu du. Netnayahu, gainera, gogor aritu da Barack Obama AEBko presidentearen kontra. " NBEk Israelen kontra abiatutako konspirazioaren aurrean Israel babesteko lanetan kale egiteaz gain, Obamaren gobernuak konspirazio horrekin bat egin du, bastidore artean'', idatzi du ohar horretan. Halaber, Donal Trumpekin lan egiteko irrikitan dagoela gaineratu du.