Mundua -
EUROPAR BATASUNA
Juncker: 'Brexita ez da mehatxu bat Europar Batzordearentzat'
EB ez dagoela bere unerik gozoenean azpimarratu du, eta azken urtebetean egoerak hobera egin duen arren, hainbat arazo larri dituztela gaineratu du. Elkarlana eskatu du, aurrera egin ahal izateko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteak 'brexit'aren inguruan zabaldutako mamuak uxatu nahi izan ditu, EBren egoerari buruzko diskurtsoan. Horren hitzetan, Erresuma Batuak EB uzteko hartutako erabakia ez da "mehatxu bat" Europarentzat.
Erresuma Batua Europatik banatzeak ez duela EBren hausturarik ekarriko ziurtatu du. Junckerren hitzetan, 'brexit'ak hasieratik sortu zion atsekabea, baina britainiarren erabakia errespetatu eta egoera ahalik eta ondoen bideratzea dela bere helburua esan du.
'Brexit'a gauzatzeko akordioa ahalik eta azkarren bideratzea nahi duela esan du, "herritarren ziurgabetasuna behingoz amaitzeko".
Iazko diskurtsoa ekarri du gogora Junckerrek, eta orduko hitzak berretsi ditu. Europar Batzordea ez dagoela bere unerik gozoenean azpimarratu du, eta azken urtebetean egoerak hobera egin duen arren, hainbat arazo larri dituztela gaineratu du. Elkarlana eskatu du, aurrera egin ahal izateko.
Plan ekonomikoa
Bestalde, datozen urteotarako plan ekonomikoa aurkeztu du Junckerrek, "enplegua sortu eta ekonomia sustatzeko". Inbertsio Estrategikoetarako Europako Funtsaren ahalmena bikoiztea proposatu du, besteak beste: 2020ra bitartean, gutxienez, 500.000 milioi euro lortu nahi lituzke EBko presidenteak inbertsio horiei esker.
"Enpresek inbertsioak epe luzera egin ahal izatea da helburua. Datozen 20 urtera begirako inbertsio planak bultzatu nahi ditugu", zehaztu du.