Mundua -
G20aren bilera
Obamak eta Xik klimari buruzko Parisko akordioa berretsi dute
AEB eta Txina dira munduan gehien kutsatzen duten herrialdeak, eta Parisko ituna martxan jartzeko munduko kutsaduraren %55 eragiten duten herrialdeek ituna berretsi behar dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barack Obama AEBko presidenteak eta Xi Jinping Txinako presidenteek klimari buruzko Parisko akordioa berretsi dute, Ban Ki-Moon Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusia aurrean zela Hangzhou Txinako hirian egin duten ekitaldian.
Obamak eta Xik akordioa onartzeko tresnak ipini dituzte Ban Ki-Moonen aurrean eta, horrenbestez, bai AEBk eta baita Txinak ere klimari buruzko Parisko akordiora ofizialki atxikitzeko pausoa eman dute.
Parisko akordioa indarrean sartzeko, gutxienez munduko kutsaduraren % 55 eragiten duten 55 herrialdek bat egin behar dute.
Txina eta Ameriketako Estatu Batuak dira munduan gehien kutsatzen duten herrialdeak -mundu osoko emisioen % 40 inguru- eta, beraz, Txinak eta AEBk egindako iragarpena garrantzitsua da Parisko akordioa indarrean sartzeko.
Obamaren aholkulariaren esanetan, urtea amaitu baino lehenago Parisko akordioa berresteko asmoa agertu dute 55 herrialdek baino gehiagok eta hogei herrialde inguru, ostera, akordiora atxiki dira dagoeneko.