Mundua -
BAVIERAKO ERASOA
Estatu Islamikoak bere gain hartu du Alemaniako erasoa
Bavierako Barne ministroak esan duenez, atzo izandako erasoaren egileak Estatu Islamikoaren bandera bat zuen bere logelan, eskuz margotuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatu Islamikoak bere gain hartu du Alemania hegoaldean atzo izandako erasoa, Amaq berri agentziak jakitera eman duenez. Gazte afganiar batek lau pertsona zauritu zituen aizkora eta labana batekin tren batean, Bavieran. Lau lagun zauritu zituen erasoan, eta horietako bi oso larri daude.
Aipatutako iturriaren arabera, "Alemaniako erasoaren egilea Estatu Islamikoaren soldaduetako bat da". Estatu Islamikoren deiarekin bat egin eta ISISen aurka borrokan ari diren herrialdeen kontrako ekintza izan dela zehaztu du agentzia horrek.
Estatu Islamikoaren bandera
Joachim Herrmann Bavierako Barne ministroak jakitera eman duenez, erasogileak Estatu Islamikoaren bandera bat zuen bere logelan, eskuz margotuta.
ZDF hedabideari egindako adierazpenetan, lehen ikerketen berri eman du ministroak. Horren arabera, oraindik ezin da esan erasotzailea Estatu Islamikoko kidea zen edota bere kabuz aritu zen.
Herrmannen esanetan, 17 urteko gazte afganiar batek egin du erasoa. Duela bi urte iritsi zen Alemaniara, gurasorik gabe, eta asilo eskaria egin zuen. Duela bi aste, harrera-familia batek etxean hartu zuen, errefuxiatuentzako zentro batean bi urte eman ondoren.
Erasoan zauritutako lau lagunetatik bi oso larri daudela gaineratu du Barne ministroak.
Erasotzaileak ihes egitea lortu zuen, baina berehala harrapatu zuten Alemaniako segurtasun indarrek.