Mundua -
DALLAS
Dallasko hilketak gaitzetsi ditu Obamak eta 'justizia' agindu du
'Segurtasun indarren kontrako eraso krudela, ondo pentsatutakoa eta arbuiagarria izan da', esan du presidente estatubatuarrak, Varsovian, NATOren goi-bileran.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barack Obama AEBtako presidenteak Dallasen (Texas) gaur izandako hilketak gaitzetsi ditu. Horren hitzetan, "tragedia izugarria" izan da eta gertatutakoa argitzeko "justizia" egingo dela agindu du. Polizia indarkeriaren kontrako manifestazio batean, bost polizia hil dituzte eta sei zauritu bi frankotiratzailek.
"Segurtasun indarren kontrako eraso krudela, ondo pentsatutakoa eta arbuiagarria izan da", esan du presidente estatubatuarrak, Varsovian (Polonian). NATOren goi-bilera batean ari da parte hartzen Obama, besteak beste, Donald Tusk eta Jean Claude Juncker Europar Kontseiluko eta Europar Batzordeko presidenteekin, hurrenez hurren.
Obamak defendatu duenez, "agenteak bere lana egiten ari ziren, jendea seguru gorde nahian, baketsuak izaten ari ziren protestetan eta eraso egin dituzte". "12 agente tirokatu dituzte, eta horietako bost hil egin dira, eta beste zenbait agente eta gutxienez zibil bat zaurituta daude. Gainera, batzuk larri daude, eta senda daitezen errezatzen ari gara", gaineratu du
Bere esanetan, "ez dago justifikazio posiblerik era horretako erasoentzat edota agenteen aurka egindako inolako indarkeriarentzat", eta, ohartarazi duenaren arabera, "hilketa horietan nahasita dagoen edozeinek ordaindu egin beharko bere egintzengatik". "Justizia egingo da", agindu du.
Gertaera gaur gauean jazo da Dallasen (Texas, AEB), poliziaren indarkeria salatzeko martxa baketsu batean pasatzen ari zenean. Une horretan, gutxienez bi frankotiratzaile tiro egiten hasi dira polizien aurka, eta, tiroketaren eraginez bost polizia zendu dira (lau patruilari eta trafikoko guardia bat), eta beste zortzi pertsona zauritu dituzte (zazpi agente eta zibil bat). Aipatu manifestazioa Philando Castile eta Alton Sterling-en omenez egiten ari ziren, ustez bidezko arrazoirik gabe poliziaren esku tiroz hil ziren bi gizonezko beltz.