Mundua -
Erresuma Batua
Farage UKIP alderdiko buruak dimisioa eman du, 'Brexitaren' ostean
Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiko buruak iragarri duenez, haren helburua lortu du britainiarrek Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzea erabaki ondoren ekainaren 23ko erreferendumean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nigel Farage UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiko buruak dimisioa eman du gaur goizean, ekainaren 23ko erreferendumean Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko aukerak -'Brexit' deiturikoak- irabazi ostean haren helburuak bete dituela iritzita. BBC Erresuma Batuko irrati telebista publikoak eman du albistearen berri.
Faragek azaldu duenez, lanaren "bere zatia" egin du ekainaren 23ko galdeketan "Brexitak" irabazita. Dena den, eurodiputatu ere badenak politikan jarraitzeko asmoa agertu du. Halaber, adierazi du UKIP alderdia "nahiko toki onean" utzi duela. Faragen esanetan, oraingo honetan ez du bere erabakian atzera egingo; izan ere, 2015ean dimisioa eman zuen eta gerora bere hitza jan zuen.
UKIP alderdiko buru izatea zenbaitetan "gogorra" izan dela, baina "merezi" izan duela azaldu du. Gainera, UKIPeko buruzagitzarako hautagairik ez duela babestuko esan du. Bestalde, Erresuma Batuak "Brexitaren" lehen ministroa behar duela azpimarratu ondoren, nabarmendu du Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko erabakian atzera bueltarik izan ez dadin lan egingo duela haren alderdiak.