Mundua -

Negoziaketa

Eskozia 'baikor' EBn geratzeaz, nahiz eta kontrako ahotsak egon

Espainia eta Frantziako lehen agintariak aukera horren aurkako iritziak plazaratu zituzten.

Jean-Claude Juncker eta Nicola Sturgeon, atzo Bruselan. EFE
Jean-Claude Juncker eta Nicola Sturgeon, atzo Bruselan. EFE
Jean-Claude Juncker eta Nicola Sturgeon, atzo Bruselan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa "baikor" azaldu zen atzo lurralde horrek Europar Batasunean jarrai dezala ahalbidetuko duen bide bat aurkitzearen gainean, Erresuma Batuak "Brexit"aren alde egindako hautuaren ostean; hala ere, asmo horrek dituen zailtasunak onartu zituen.

Sturgeon Bruselara joan zen atzo Europako erakundeetako arduradunekin (horien artean Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidentea eta Martin Schulz Euroganberakoa) elkarrizketatzeko asmoz.

Bilerak "emankorrak" izan zirela azaldu zuen batzarren ostean, eta sentsazio "baikorrarekin" bueltatuko dela Bruselatik, "entzuteko borondatea" aurkitu baitzuen. Dena dela, aitortu zuenez, ez ditu gutxiesten Eskoziak aurre egin behar "zailtasunak".

Azpimarratu nahi izan zuen bere bisita Erresuma Batuko herritarrek Europar Batasunetik ateratzearen aldeko boza eman eta handik gutxira egin dela; izan ere, Hogeita zazpien eta Erresuma Batuaren arteko negoziaketei begira, hasieratik argi utzi nahi du Eskoziak Batasunean jarraitu nahi duela.

"Nire aldetik nabarmendu egin dut Eskoziak Europar Batasunaren parte izaten jarraitu nahi duela", esan zuen Sturgeonek, eta gogorarazi zuen eskoziarren % 60k Batasunean jarraitzearen aldeko botoa eman zuela.

Beste galdeketa bat eginez gero, "beste argudio batzuk egongo dira, baita 2014koaz bestelakoa izango den beste eztabaida bat ere", iritzi zion.

Espainia eta Frantzia, aurka

Erresuma Batua gabe hogeita zazpien artean egin zuten  lehen europar biltzarrean Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidentea zein François Hollande Frantziako presidentea Eskoziari buruz hitz egin zuten.

Bileratik atera eta gero, Rajoyk esan zuen "negoziaketetan zehar Erresuma Batua joan egiten bada, Eskozia ere Europar Batasuneko erakundeetatik aterako da". Bestalde, Hollandek ohartarazi zuen negoziaketa Erresuma Batuarekin egingo dela, "ez Erresuma Batuko parte batekin".

Alabaina, Frantziako presidenteak zehaztu zuenez, "aipatu negoziaketa nolakoa den arabera, beharbada Eskoziari buruzkoa izan daiteken konponbidea edo egoera aintzat har daiteke, baina inoiz hori negoziaketa hori baino lehen".

Europar erakundeak, zain

Europako erakundeetako ordezkariek, bere aldetik, Sturgeonen jarrera zein zen entzun zuten, baina esan zioten ez zutela "barne prozesu batean" eskurik sartuko.

"Ez Donaldek (Donald Tusk, Europar Kontseiluaren presidentea) ez nik (Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidentea) ez dugu asmorik Erresuma Batuari dagokion prozesu baten esku hartzeko asmorik. Hori ez da gure betebeharra", nabarmendu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Eskozia Bruselako albisteak gaur Europako herrialdei buruzko albisteak Erresuma Batua albisteak Albisteak Brexita albisteak Zer da Brexita