Mundua -
'Brexit'a
EB berritzeko itunak berrikustea eskatu du Europako Parlamentuak
Jean-Claude Junckerrek Erresuma Batuarekin isilean negoziatzeko debekua ezarri die EBko komisarioei, Erresuma Batuaren adierazpen ofiziala heldu bitartean.
agentziak | erredakzioa
Europako Parlamentuak EB berritzeko bide orria antolatzeko eskatu du gaur, Erresuma Batuaren erreferendumaren emaitza ikusita. Horrela, EBko agintariek Lisboako Ituna berrikustea eskatzeko testua adostu dute.
"Europar Batasuna indartu behar dugu eta norbere gusturako irtenbideak saihestu behar ditugu", idatzi dute Europako Parlamentuko popularrek, sozialistek, liberalek eta berdeek onartutako erabakiak.
Europar Batasuneko agintariek gaur hasi dute Bruselan 'Brexit'aren ondorioen inguruan eztabaidatzeko bilera. Bertan, EBtik ateratzeko Erresuma Batuaren asmoei buruz galdetuko diote David Cameron lehen ministroari.
Erresuma Batuaren adierazpen ofiziala heldu bitartean, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak 'Brexita'ren inguruan isileko negoziazioak egiteko debekua ezarri die EBko komisario eta funtzionarioei.
EBko agintariak Erresuma Batuak hasitako prozesuaren ondorioen beldur dira. EBko iturriek ohartarazi dutenez, "Europar Batasunaren Itunaren 50. artikulua abiatzen ez den bitartean, ez da inolako negoziaziorik izango, ez formalik ez informalik".
EUROPAR BATASUNAK BERE PROIEKTUAREN "PORROTA UKATU" EGITEN DU
Bestalde, Nigel Farage UKIP alderdi independentistako buruaren hitzetan, EBk bere proiektuaren "porrota ukatu" egiten du, eta muga-zergarik gabeko akordioa abiatzeko elkarrizketa eskatu du.
"Zuek horren triste eta haserre egoteko arrazoia argi dago: Europako proiektuak porrot egin duela ukatzen duzue", esan du Faragek Bruselako parlamentarien aurrean.
"Akordiorik gabe, Europar Batasunak Erresuma Batuak baino gehiago galduko luke", esan du Falagek bere mintzaldian. EBko parlamentariek ez dute begi onez hartu Falageren mintzaldia, eta txistu egin diote.
ERRESUMA BATUAK EZIN DITU EGIN BEHARREKO NEGOZIAZIOAK "MANIPULATU"
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Europako integrazioarekin jarraitu beharra azpimarratu du gaur, eta Europatik ateratzea erabakitzen dutenek blokearen barne egotearen eskubideei ere uko egitea dakarrela jakin behar dutela esan du.
Angela Merkel, Alemaniako Parlamentuan. EFE.
Londresek EBtik ateratzeko eskaera formala egin arte negoziazioak ezin direla hasi esan du Merkelek, eta hori gertatzen ez den bitartean eta prozesua bukatu arte, Erresuma Batua Europar Batasunaren barnean egoten jarraituko duela gaineratu du.
Erresuma Batuak ?ezin ditu negoziazioak manipulatu?, adierazi du Merkelek, eta EBtik ateratzea erabakitzen dutenek ezin dituzte horren barne egoteak dakartzan abantailak izan, betebeharrak bete barik.
Merkelen hitzetan, gainera, Erresuma Batua ezingo da merkatu bakarrean sartu, baldin eta EBko hiritarren zirkulazio askea debekatzen badu.