Mundua -

Errefuxiatuen krisia

EBk igandetik aurrera jarriko ditu martxan Turkiarako deportazioak

Hitzarmenak 'bat beste baten truke' mekanismoa barne hartzen du; horren arabera, Europar Batasunak siriar bat onartuko du Turkiara itzularazten duten siriar bakoitzeko.

Errefuxiatuak Idomenin (Grezia). EFE
Errefuxiatuak Idomenin (Grezia). EFE
Europar Batasunak eta Turkiak errefuxiatuen inguruan akordioa lortu dute

1:58

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek 28en arteko akordio bat hitzartzea lortu dute gaur, eta, ondoren, akordio bera Turkiarekin batera ofizialki adostea espero dute. Aipatu akordioaren arabera, Greziara irregularki heltzen diren errefuxiatuak eta immigranteak Turkiara deportatu ahal izango dituzte igandetik aurrera. Hala adierazi dute Europako Batasuneko iturriek.

Gauzak horrela, hogeita zortziek onartu egin dute EBko eta Turkiako negoziatzaileek hitzartutako proposamena. Proposamen horretan, eta nazioarteko legedia betetze aldera, berariazko erreferentzia egiten zaio banako aztertuko direla asilo-eskaera guztiak, eta ez dela deportazio kolektiborik egongo.

Aldi berean, Europako buruek konpromisoa hartzen dute ekaina baino arinago irekiko dutela Turkia Europar Batasunera batzeko prozesuko 33. artikulua. Artikulu hori finantza- eta aurrekontu-hornikuntzari dagokiona da. Horrez gain, aste beteren buruan Turkiako 2,7 milioi errefuxiatuei laguntza ematera bideratutako proiektu-zerrenda bat identifikatu behar dute, proiektu horietara zuzentzeko hitzarmenean adostu dituzten 3.000 miloi euroetako parte bat.

Beste 3.000 milioi euro mugiarazteari ere oniritzia eman diote 2018tik aurrera, hasierako dirua behin agortuta.

"Bat beste baten truke"

Hitzarmenak "Bat beste baten truke" mekanismoa barne hartzen du; horren arabera, Europar Batasunak siriar bat onartuko du Turkiara itzularazten duten siriar bakoitzeko, pertsonekin trafikatzen duten mafien negozio-ereduari aurre egiteko xedearekin.

Behin kupo hori agortuta, Europar Batasuneko kideak Turkiatik datozen siriarrak hartzen jarraitu ahal izango dute beren kabuz, eta kopuru hori birkokatzeko konpromisoetatik kenduko zaie, gehienez 54.000 plazara iritsi arte.

Turkiaren oniritzia

Kontseilu Europarreko eta Europar Batasuneko presidenteak (Donald Tusk eta Jean-Claude Juncker, hurrenez hurren) eta Holandako lehen ministroak (Mark Rutte) adierazpen bateratua hitzartu zuten Turkiako lehen ministroarekin batera (Ahmet Davutoglu), eta testu horri eman diote orain adostasuna hogeita zortziek.

Akordioa ofizialki onar dadin, Europako agintariak berriz bildu behar dira Davutoglurekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Gerra Siria Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan bideoak Turkia albisteak Zer ari da gertatzen Sirian?