Mundua -

Europa, krisian

Errefuxiatuak kanporatzeko ituna ixteko eguna dute Turkiak eta EBk

Ankararekin negoziatzeko 'marra gorriak' jaso dituen dokumentua adostu dute gauerdian EBko gobernuburu eta estatuburuek.

Errefuxiatuak Idomenin (Grezia), Mazedoniako mugatik gertu. EFE
28ak azken ikutua ematen ari zaizkio Turkiarekiko akordioari

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko (EB) estatuburu eta gobernuburuek gauerdian adostu dute Turkiarekin errefuxiatuen inguruko ituna negoziatzeko 'marra gorriak' jaso dituen dokumentua. Hori lortuta, Greziara heltzen diren errefuxiatuak (Europara iritsitako errefuxiatu siriarrak barne) Turkiara deportatzeko itun "katramilatsua" itxi behar du EBk Ankararekin.

Bilera ugari hitzartu dituzte gaurko Turkiako ordezkariek eta EBren izenean arituko den talde negoziatzaileak (Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko buruak eta Mark Rutte Herbehereetako lehen ministro eta EBko txandakako presidenteak osatuko dute).

Gutxi gorabeherako dokumentua adostuta dagoen arren, ez dago behin betiko agiririk, akordioa Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroarekin itxi behar delako eta estatu batzuentzat "onartezinak" diren elementu batzuk dituelako.

"Akordioa erdiets dezakegu, baina oraindik zaila da", aitortu du Ruttek bilera amaitutakoan. Tuskek eta Junckerrek nahiago izan dute kazetarien aurrean ez agertu, negoziazioari kalte ez egiteko, nonbait.

ACNURi begira egindako aldaketak

Martxoaren 7an adostutako aurre-akordioan "aldaketa minimoak" egin dituzte gauerdiko bileran. Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioaren (ACNUR) papera indartzea izan omen da moldaketa hauen xedea, honek azken astean egindako kritika gogorrak apaldu nahian edo.

Horrez gain, asilo eskaerak "banaka" aztertuko dituztela ere nabarmendu dute erantsitako tartean.

NBEren agentziak eta giza eskubideen alde aritzen diren taldeek gogor salatu dituzte EBren eta Turkiaren asmoak, eta akordioa legez kanpokoa dela azpimarratu dute.

Zalantza legalak

Errefuxiatuak Turkiara erbesteratzeko zirrikitu legalen bila dabil Europar Batasuna. Legediaren arabera, deportazioak "herrialde seguruetara" egin behar dira; askok zalantzan jartzen dute Turkia seguruagoa izatea. Gainera, deportazio masiboak debekatuta daude, baina Europak dio bana-banako tratua emango diela errefuxiatuei.

Aurreakordioaren arabera, Greziara heltzen diren legez kanpoko immigrante guztiak Turkiara deportatuko dituzte. Horren trukean, deportatutako lagun bakoitzeko Turkian dagoen errefuxiatu siriar bat Europan hartzeko konpromisoa hartu dute EBko herrialdeek. Helburua errefuxiatu oldea geldiaraztea da, EBren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Europar Batasuna Europa bideoak Greziako berriak Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan bideoak Turkia