Mundua -
Lankidetza
Europar Batasunak eta Kubak harremanak normaltzea adostu dute
Ituna lehen urratsa izango da Jose Maria Aznarrek 1996an sustatu zuen Jarrera Bateratua amaitzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasunak eta Kubak akordio politikoa adostu dute ostiral honetan, harremanak normaltzeko, bi aldeek adierazpen bateratu batean iragarri dutenez. 2014ko apiriletik izan dira negoziatzen.
Federica Mogherini Europako Batzordearen Atzerri goi-ordezkaria Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroarekin bildu da gaur, Habanan.
"Aldeek egiaztatu egiten dute bukatu egin direla akordio garrantzitsu honetarako negoziazioak, eta itun horrek ahalbidetu egingo duela epe ertainera eta luzera Europar Batasunaren eta Kubaren arteko harremanak sendotzea", nabarmendu dute adierazpenean, eta harreman horien oinarria "elkarrekikotasuna eta errespetua" izango direla gaineratu dute. Halaber, akordioa "bi aldeentzat onuragarria" izango dela aipatu dute.
Akordioak hiru zati ditu: "elkarrizketa politikoa" (gobernazioa, giza eskubideak, segurtasuna, suntsipen handiko armak…), "lankidetza" eta "ekonomia eta merkataritza".
Gainera, ituna lehen urratsa da Jose Maria Aznarrek 1996an sustatu zuen Jarrera Bateratua amaitzeko. Duela 20 urte adostutako itun horren arabera, debekatuta zegoen Kubarekin harremanak izatea, giza eskubideen eta demokraziaren alorretan aurrerapausorik eman ezean.
Orain, Hogeita zortziek oniritzia eman behar diote testuari; EBko Atzerri ministroek apirilean egingo duten bileran segur aski.
Estatu kideek aldaketak erantsiz gero, berriz ere negoziatu beharko lukete testua kubatarrekin, eta horrek "atzeratu" egingo luke sinadura.
Gai gatazkatsuena giza eskubideak izango dira. Izan ere, hainbat herrialdek garrantzi berezia emango diote horri, hala nola Suediak, Txekiar Errepublikak, Poloniak eta Alemaniak.