Mundua -
Inkesta
'Brexit'aren aldekoak eta kontrakoak, ia berdinduta
Ezbaian daudenak (% 25) kenduko balira, % 51k EBtik irtetea babestuko luke, eta % 49k bere baitan jarraitzea.
Agentziak | Erredakzioa
'Brexit' delakoaren (ingelesezko British exit-en laburdura, alegia, Erresuma Batua Europar Batasuna uztea) alde daudenak eta EBren baitan geratzea babesten dutenak ia berdinduta daude, boto asmoaren inguruan The Times-ek gaur kaleratu duen inkestaren arabera.
YouGov inkesta etxeak egindako galdeketaren arabera, herritarren % 38k 'Brexit'aren alde egingo du, eta ateratzearen kontra daude galdetutakoen % 37. % 25 ezbaian daude.
Erresuma Batuak ekainaren 23an egingo du hori erabakitzeko erreferenduma.
YouGoven esanetan, bi aldeak otsaila hasieran baino berdinduago daude orain (bederatzi puntuko aldea zegoen orduan, 'Brexit'aren aldekoak garaile). Duda-muda dutenak kenduko balira, gainera, % 51k EBtik ateratzea babestuko luke, eta % 49k bere baitan jarraitzea.
Inkesta etxeak 3.482 lagun elkarrizketatu zituen Internet bidez otsailaren 21etik 23ra.
Egunkariaren arabera, Boris Johnson Londreseko alkateak eta Michael Gove Justizia ministroak 'Brexit'a babestu izanak ez du alde daudenen kopurua handitu.