Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Errefuxiatuak: Europako buruek ez dute aldebakarreko neurririk hartuko
Aldi berean, martxo hasieran Turkiarekin goi-bilera bat egiteko asmoa agertu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek ostiral honetan onartu dutenez, ez dute aldebakarreko neurririk hartuko immigrazioari eta errefuxiatuen krisiari dagokienez. Aldi berean, Turkiarekin “martxo hasieran” goi-bilera bat egiteko asmoa azaldu dute, herrialde horrekin loturak estutu nahi baitituzte migratzaileen pasabidea kontrolatzeko xedearekin.
"Europar erabakiak ez dira soilik Bruselan hartzen direnak, hiriburuetan hartzen diren neurriak ere baitira. Onartu egin behar ditugu, baina, aldi berean, erabaki horien arteko koordinazio handiagoa erakutsi behar dugu". Europar Batasuneko buruak Bruselan egiten ari diren goi-bilerako lehen egunean egin ditu Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak adierazpen horiek.
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen iritzian, berriz, Europako buruek "guztien adostasunez" adostu dute planteamenduak Europa mailakoa izan behar duela, eta "banakotasun nazionalak ez direla gomendagarriak".
Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuen hitzorduak Erresuma Batuarekiko harremanak berriz zehaztea zuen helburu, baina errefuxiatuen krisiaren gaiak estatu kideen artean eragin dituen tentsioak bete du eguneko jardunaren gehiengoa.
Buruek onartu egin dute bere horretara itzuli behar dela Schengenen funtzionamendu normala, arazoak dituzten herrialdeei laguntza emanez.
EB-Turkia bilera
Horrez gain, Junckerrek Ankararen kolaborazioa izatearen beharrizana azpimarratu du, immigranteen oldeari eusteko: "Ez dago Turkiarekin kooperazio ona eta adimentsua izatea baino aukera hoberik".
Hori dela eta, hogeita zortziek martxoaren hasieran Turkiarekin goi-bilera bat egitea adostu dute, Ankarak zer dioenaren zain.