Mundua -

ERREFUXIATUAK

Errefuxiatuek euren herrietara itzuli beharko dutela esan du Merkelek

70eko hamarkadan Alemaniak hartu zituen Jugoslaviako errefuxiatuen %70, handik hogei urtera, 1990ean, euren sorterrira itzuli zirela gogoratu du kantzillerrak.

Agentziak / eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak adierazi duenez, Siriatik era Iraketik Alemaniara heldu diren errefuxiatuek euren herrialdeetara itzuli beharko dute, herrialde horietako gatazkak behin amaituta.

“Jendeari esan beharra diogu behin behinean daudela Alemanian eta Siriako gerra amaitzen denean eta Iraken Estatu Islamikoa garaitzen dutenean, euren herrialdeetara bueltatu beharko dutela”, adierazi du Merkelek.

Horren ildoan, gogoratu du 70ko hamarkadan ere hala gertatu zela Jugoslavia zenetik Alemaniara iritsitako errefuxiatu oldearekin. Alegia, behin gatazka amaituta, 90ko hamarkada aldera, gehienak (%70) euren sorterrira bueltatu zirela.

Gainerako Estatu-kideei laguntza gehiago eskaintzeko eskatu die, etorkin kopurua txikitzeko eta berriro horrelako jende olderik ez izateko, bereziki udaberrian.

Fabrice Leggeri EBko mugen zuzendariak esan du Nazio Batuek egindako iragarpenarekin bat egiten duela, alegia, datorren urtean, Mediterraneotik eta Balkanetatik milioi bat etorkin inguru Euopara sartzen ahaleginduko direla: “Oraingo kopuruari eustea lorpena izango litzateka”, adierazi dio Alemaniako komunikabide bati.

Frauke Petry ADF Alemaniarentzat Alternatiba alderdiko buruak bestalde, Alemaniak etorkinen joan-etorri murriztu behar duela uste du, eta horretarako, Austriarekin akordioak eta EBko mugak indartu behar direla gaineratu.

Haratago joan da, eta errefuxiatuei sarrera ukatzea eta mugetan kontrolak areagotzea proposatu du. Horrekin lotuta, behar izanez gero, modu ilegalean sartzen saiatzen ari diren etorkinei tiro egitearen alde agertu da. “Poliziek ez lukete tiro egin nahi izango, nik ere ez nuke nahi, baina, azkenean, asmo horretan atzera egiteko indar armatua erabili behar da”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Angela Merkel bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak