Mundua -
Hondoratzea
24 errefuxiatu, 10 ume tartean, hil dira Grezian ontzi bat hondoratuta
40-45 errefuxiatu zeramatzan ontzia Turkiako kostaldetik abiatu zen, bart, Greziarako bidean, eta Greziako kostaldetik gertu hondoratu da.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 24 pertsona hil dira Greziako kostaldetik gertu, tartean 10 ume, hainbat errefuxiatu zeramatzan ontzi bat hondoratuta. Ontzia Turkiatik abiatu zen, Greziara iristeko asmoz, Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak jakitera eman duenez.
Gizon bat igerian heldu da Samos uhartera gauean, eta berak eman du gertatutakoaren berri, 'Protothema' egunkariak argitaratu duenez. Reuters agentziak zabaldutakoaren arabera, 40-45 pertsona zihoazen ontzian, Kostazainen bozeramaile baten esanetan.
Kostazainek eta Frontexek horiek bilatzeko operazioa abiatu dute berehala, eta hamar lagun erreskatatu dituzte. Hamaika lagun desagertuta daude oraindik.
180 hildako 2016an
Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak asteartean jakinarazi zuenez, aurten 45.000 pertsona baino gehiago heldu dira Greziara itsasoz; 2015eko urtarrileko datuekin alderatuta, aurtengo kopurua 31 aldiz handiagoa da. Hamar etorkin eta errefuxiatu horietatik bederatzi Siria, Irak eta Afganistangoak dira; izan ere, Mazedoniak hiru herrialde horietako herritarrei bakarrik uzten diete bere herrialdea zeharkatzen.
Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen arabera, dagoeneko 180 pertsona hil dira aurten Europako kostaldera heltzeko ahaleginetan. Iaz urtarrilean hildakoen kopurua ez zen erdira ere iritsi.
Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak, ACNUR errefuxiatuei laguntzeko Nazio Batuen Erakundeko agentziak eta beste 65 erakundek 550 milioi dolar (508 milioi euro) eskatu dituzte premiazko egoera horri aurre egiteko.