Mundua -
Europa eta errefuxiatuak
Danimarka, errefuxiatuei ondasunak konfiskatzeko legea onartzear
Ganberaren gehiengoak babesten duen legearen arabera, gobernuak dirua edota objektuak kendu ahalko dizkie asilo eskatzaileei, euren egonaldia ordaintze aldera.
Agentziak | Erredakzioa
Asilo politikaren inguruko lege berria eztabaidatzeari ekin zion atzo Danimarkako Parlamentuak. Legea polemikoa da oso, beste neurriren artean, errefuxiatuei ondasunak konfiskatzeko aukera ematen duelako, euren diru eta objektuekin herrialdean egin beharreko egonaldia ordain dezaten. Ganberaren gehiengoak (hiru laurdenak) babesten du legea, eta beraz, litekeena da onartuta izatea.
Urtarrilaren 26an bozkatuko dute, eta atzoko eztabaidan argi geratu zen moduan, gutxiengoa duen gobernu liberalak alde ditu zentro-eskuineko hiru alderdiak eta sozialdemokratak.
Halere, legearen hainbat puntu negoziatu behar izan ditu gobernuak, beste indarren babesa lortzeko. Hala, ezingo dituzte "balio afektibo berezia" duten objektuak konfiskatu, eta bahitu daitezkeen diru eta ondasunen balioak 10.000 koro daniar (1.340 euro) baino gehiagokoa behar du izan.
Inger Støjberg Integrazio ministroak eta Marcus Knuth gai horretan alderdiaren bozeramailea denak nabarmendu dutenez, asmoa Danimarkara joan nahi duten errefuxiatuen kopurua "nabarmen" jaistea da. 2015ean, 21.000 asilo eskaera izan zituen herrialdeak, 2014an baino heren bat gehiago. "Berez Estatuak ordaindu behar ditu errefuxiatuen gastuak, baina bidezkoa eta arrazoizkoa da euren egonaldiaren gastua ordaindu ahal dutenek hala egitea", arrazoitu du Støjbergek.
"Lege hau beharrezkoa da, ez da gure apeta, ongizate estatua dago jokoan", esan du Knuthek. Haren iritzian, helburua Suedian gertatu dena saihestea da. Herrialde horretako asilo sistema gainezka omen dago, "eskuzabalegia" izateagatik. 2015ean, 163.000 asilo eskaera jaso zituen Suediak. Errefuxiatu oldeari aurre egiteko, mugetan kontrol gehiago ezarri zituen gobernuak eta asilo legea gogortu zuen.
Legeaz zer iritzi duen galdetuta, zuhur agertu da Frans Timmermans Europako Batzordearen presidenteorde lehenak. Azaldu duenez, "Danimarkak legea onartzen duenean" Europar Batasunaren arauak urratzen ote dituen aztertuko du.