Mundua -
Tentsioa
Iranekin zituen harreman diplomatikoak hautsi ditu Saudi Arabiak
Teherango enbaxadari larunbatean egindako erasoan zehar Iraneko arduradunei laguntza hiru aldiz eskatu zieten, baina ez zuten jaramonik egin, Saudi Arabia Atzerri ministroak salatu duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Iranekin zituzten harreman diplomatikoen haustura iragarri du Adel al Jubeir Saudi Arabiako Atzerri ministroak.
Al Jubeirrek prentsaurrekoan azaldu duenez, Saudi Arabiako ordezkari diplomatikoak Iranetik atera dituzte eta etxera bidean daude. Hala, Irango ordezkaritzak Saudi Arabia utzi beharko du datozen 48 orduetan.
Gainera, Al Jubeirrek salatu duenez, Teherango enbaxadari larunbatean egindako erasoan zehar Iraneko Atzerri Ministerioari laguntza hiru aldiz eskatu zioten, baina ez zuen jaramonik egin.
Bestalde, Iranen misio diplomatikoen aurka egindako eraso “zerrenda luzea” gogorarazi du Saudi Arabiako Atzerri ministroak. Horrela, Iraultza Islamikoan zehar AEBetako enbaxadaren kontra egindako erasoari eta bahiketari erreferentzia egin die agintariak.
Teheran “eskualdearentzako mehatxu” bat dela salatu du Al Jubeirrek, arma eta lehergailuen kontrabandoagatik eta Al-Qaidaren milizianoak 2001etik hartzen dituelako.
Al Arabiya telebistak jakitera eman duenez, Saudi Arabiako diplomatikoak Iranetik atera dituzte Teherango enbaxadari egindako erasoaren ondoren. Ordezkariak Dubain egongo lirateke, Saudi Arabiara itzultzeko zain.
Nimr al Nimr kleriko xiita larunbatean hil ondoren, Riaden eta Teheranen arteko harremanak erabat okertu dira. Iranek hilketa salatu zuen; izan ere, xiitak gehiengoa dira Errepublika Islamiarrean.
Washingtonek tentsioa murriztea eskatu du
Bestalde, harreman diplomatikoen hausturaren ondoren tentsioa murriztea eskatu diete AEBek Saudi Arabiari eta Irani.
Tentsioa murriztu beharra dagoela esan du John Kirby Estatu Departamentuko bozeramaileak. Zentzu horretan, musulmanen arteko “tentsio sektarioak ez areagotzeko” neurriak hartzea eskatu die.