Mundua -

NATO

Montenegrok NATOra batzeko negoziazioak abiatuko ditu

Igor Luksic Montenegroko Atzerri ministroak 'pozik' hartu du NATOk aliantzara batzeko egindako gonbitea.

Jens Stoltenberg, NATOko idazkari nagusia. EFE.
nato montenegro
Itunean sartzeko negoziazioetarako gonbitea, NATOk Montenegrori

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundea (NATO) osatzen duten herrialdeetako Atzerri ministroek Montenegrori aliantzara batzeko gonbitea egin diote, ofizialki. Modu horretan, negoziazio prozesu bat abian jarriko dute NATOk eta Montenegrok, herrialde hori Erakundearen 29. kide bihurtzeko.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak eman du jakitera Montenegroren inguruan hartutako erabakia, Atzerriko ministroen kontseiluaren ostean.

"Atzerri ministroek erabaki historikoa hartu dute, Montenegrori gonbitea eginda; gure aliantzako 29. kide bihurtzeko negoziazioak hasiko ditu Montenegrok", esan du Stoltenbergek.

Ministroen izenean, Montenegroko Gobernua eta herria zoriondu ditu NATOko idazkari nagusiak, "lorpen handia" izan dela esanez. "Montenegrorentzat, Balkanentzat eta aliantza osoarentzat egun handia da", nabarmendu du.

NATOK, iaz, Galesen egin zuen goi-bileran, erakundea osatzen duten kideek Montenegroren inguruko erabakia ahalik eta azkarren hartzeko premia nabarmendu zuten.

"Pozik"Igor Luksic Montenegroko Atzerri ministroak "pozik" hartu du NATOk aliantzara batzeko egindako gonbitea. Ustelkeriaren kontrako borrokari eta erreformen bideari eutsiko diotela hitz eman du.

"Montenegrori egindako gonbitea Balkanak osatzen dituzten herri guztientzat albiste bikaina da, segurtasuna eta egonkortasuna bermatzeko", esan Luksicek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak NATO Eguneko albisteak Albisteak Montenegro