Mundua -

UNICEF

Mediterraneoa gurutzatu nahian hil diren errefuxiatuen % 30, umeak

2015eko urrian, esaterako, 90 haur hil ziren Europara iritsi nahian, eta horietako bost bi urte baino gutxiagoko umeak ziren, Unicefek gaur eman dituen datuen arabera.

Errefuxiatuak
Errefuxiatuak
Errefuxiatuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken bi urteotan, Europara bidean Mediterraneoa gurutzatzen ari zirela hildako errefuxiatuen % 30 umeak ziren, eta horietatik % 5, bi urtez azpikoak.

Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak, Unicefek, gaur emandako datuen arabera, 2015eko urrian, esaterako, 90 haur hil ziren Europara iritsi nahian; bost bi urte baino gutxiagoko umeak ziren.

Geroz eta adingabe gehiago dira, Unicefek baieztatu duenez, euren herrialdeak utzi eta Europarako bidea hartzera behartuta daudenak. Ekainean, Europara iritsi ziren 10 errefuxiatutik bat zen adingabea; urrian, berriz, hirutik bi.

Premiazko laguntza humanitarioa

Bestalde, Afrika Erdiko Errepublikako umeen egoera larria salatu du Unicefek, gaur. Horren esanetan, 1,2 milioi ume daude premiazko laguntza humanitarioaren beharrean herrialde horretan.

"Herrialdeak bizi duen indarkeria eta gatazka egoerak umeengan eragin larria izan du", Unicefen hitzetan, eta egoerari aurre egiteko, nazioartearen laguntzea ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Errefuxiatu gutxiago, eguraldi txarraren ondorioz

140.000 errefuxiatu iritsi dira Europara itsasoz azaroan, urrian baino dezente gutxiago, nahiz eta kopuruak altua izaten jarraitu, ACNUR Nazio Batuen Erakundeko errefuxiatuen atalak jakitera eman duenez.

"Aurreko urteko datuarekin alderatuta benetako beherakada izan den lehenengo hilabetea da azaroa", azaldu du William Spindler ACNURen ordezkariak.

"Egeo itsasoko baldintza meteorologikoekin du zerikusia errefuxiatuen beherakadak, baina baita Turkiako agintariek pertsonen trafikoaren aurka hartutako neurriekin ere", gaineratu du.

Dena dela, 880.000 pertsona baino gehiago iritsi dira Europara aurten, 2014 osoan halako lau, Spindlerren arabera.

Turkiak 1.300 errefuxiatu atxilotu ditu

Bestalde, Turkiako agintariek 1.300 errefuxiatu atxilotu dituzte Lesbos irla greziarrera bidean etorkinek itsasontzia hartu ohi duten leku batean.

250 agentek parte hartu zuten operazioan, eta tartean hiru pertsona trafikatzaile, hamar ontzi eta pistola bat atzeman zituzten.

Siriako, Irakeko, Irango eta Afganistango herritarrak ziren atxilotu gehienak, eta Ayvaciken legez kanpoko etorkinak itzultzeko duten zentrora eraman dituzte.

Turkiako prentsan azpimarratu dute Ankarak eta EBk akordioa sinatu eta biharamunean izan zela operazioa. Izan ere, EBk 3.000 milioi euro emango dizkio Turkiari errefuxiatuei bidea ixten badie.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Euskal Herria Gizartea albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Haurtzaroa albisteak Mediterraneo itsasoari buruzko azken albisteak Eguneko albisteak