Mundua -
Bahiketa Sirian
Estatu Islamikoak bahitutako norvegiarra eta txinatarra hil ditu
Norvegiako eta Txinako gobernuek oraingoz ez dute baieztatu Estatu Islamikoak bahitutako bi herritarrak hil egin dituzten edo ez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatu Islamikoak iragarri du Sirian bahituta zituen Norvegiako eta Txinako bi herritarrak hil egin dituela.
Internet bidez zabaldutako Dabiq aldizkarian, bi bahituen hilotzen argazkiak argitaratu ditu. Ole Johan Grimsgaard-Ofstad norvegiarra eta Fan Jinghui txinatarra irailean hartu zituzten preso Sirian.
‘Bi presoen patua’ goiburuarekin publikatu dituzte irudiak eta azpian ondoko mezua erantsi dute: “Euren nazioek eta erakunde apostatek abandonatu ostean exekutatu ditugu”.
Informazioa egiazkoa den ez dute argitu eta Norvegiako nahiz Txinako gobernuek oraindik ez dute baieztatu bi bahituak hil egin dituzten edo ez.
Duela bi hilabete argitaratu zituen Estatu Islamikoak bi bahituen argazkiak, buzo hori batzuk jantzita eta ‘Presoak salgai’ lelodun kartelak eskegita zituztela.
Bi bahituak aske uzteko erreskatea ordaintzeari uko egin izana leporatu zioten orduan jihadistek Norvegiari eta Txinari.
Norvegiako agintariek baieztatu zuten Grimasgaard-Ofstad urtarrilean bahitu zutela Sirian, baina erreskateak ordaintzen ez dituztela azpimarratu zuten, bahiketa gehiago egotea eragin dezakeelakoan.
Txinak ere baieztatu zuen Fan Jinghui bahituta zegoela eta “larrialdiko mekanismo bat” abian jarri zuela jakinarazi zuen.
Txinako Gobernuak ez zuen zehaztu erreskatea ordaintzeko prest zegoen ala ez, baina orain arte beti egin dio uko aukera horri.