Mundua -
Birkolokatze plana
Erregistratu nahi ez duten errefuxiatuekin zer egin eztabaidagai, EBn
Iheslari askok ez dute hatz-markak hartzerik nahi izaten, euren herrialdera bueltan bidaliko dituzten beldur.
Agentziak | Erredakzioa
Ekialde Hurbileko gatazka guneetatik ihesi Europara iritsitako 160.000 errefuxiatuen auzia mahai gainean izango dute gaur, berriro, Europar Batasuneko Barne ministroek. Prozesua zelan azkartu (100 errefuxiatu bakarrik banatu dituzte hilabetean), eta Europara iritsitakoan erregistratzeari uko egin diotenak zelan hartu behar dituzten eztabaidatuko dute, besteak beste.
Asko dira hatz-markak hartzerik nahi ez duten errefuxiatuak, euren herrialdera bueltan bidaliko dituzten beldur, edota beraiek hartuko dituen herrialdea aukeratzeko modurik ez izateko beldur.
Europar Batasuneko kideek adostutakoaren arabera, poliziarekin kolaboratzeari uko egiten dieten errefuxiatuak sei hilabetez (18 hilabetera luza daiteke) atxiki ditzakete. Aukera, beraz, badago jasota, baina, apartekoa neurria da, "azken aukera gisa" hartzen dena. Kartzelara bidali beharrean, errefuxiatuentzat egokitutako zentroetan atxiki ohi dituzte erregistratu ez diren lagunak.
"Asilo eskubidea badago Europan, baina ezin da estatua aukeratu", ohartarazi du berriki goi agintari batek, azkenaldian izan ohi dituzten arazoei buruz hitz eginda.
Diru-partidak
Gaurko bileran izango da beste hizpiderik. Errefuxiatuak birkolokatzeko plana azkartu beharra dagoela uste dute 28 herrialdeek; batez ere, krisiari aurre egiteko estatu bakoitzak jarri beharreko baliabide eta diru-partidak lehenbailehen bideratu beharra.
Europar Batasuneko herrialdeek egindako ekarpenak urriak izan dira orain arte. Agindutako 2.800 milioietatik 520 bakarrik jaso dira.
Bilera ugari izango dituzte aste honetan Europar Batasuneko agintariek errefuxiatuen krisiari aurre egiteko. Gaurkoaz gain, asteazken eta ostegunean Valletan bilduko dira EBko eta Afrikako estatu eta gobernuburuak, bi herrialdeen arteko kooperazioa handitzeko asmoz. Azaroaren 28an, berriz, beste bilera bat egingo dute Europako agintariek, estrategia adosteko.