Mundua -
Errefuxiatuen drama
Mafiek sexu-harremanak izatera behartzen dituzte haurrak eta emakumeak
NBEk jakinarazi duenez, umeak sexu-harremanak izatera behartzen dituzte, trafikatzaileei ordaindu eta ihesaldiarekin jarraitu ahal izateko.
agentziak | erredakzioa
Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak jakinarazi du testigantza sinesgarriak jasotzen ari dela ihesean ari diren emakumeak eta haurrak sexu-abusuen biktimak direla ohartaraziz.
Aurten, gerratik eta miseriatik ihesi, 664.000 pertsonek zeharkatu dute Mediterraneoa Europako beste herrialde batzuetara heltzeko asmoz, eta horietako % 34 umeak eta emakumeak dira.
Melissa Fleming NBEren Errefuxiatu Agentziako bozeramaileak azaldu duenez, “ume asko sexu-harremanak izatera behartzen dituzte, trafikatzaileei ordaindu eta bidaiarekin jarraitzeko dirurik ez dutelako”.
“Heldu baten babesik ez duten haurrak dira arrisku gehien dutenak”, zehaztu du. Gainera, herrialde batzuetan umeak helduekin batera atxikita izaten dituztela eta, ondorioz, sexu-gehiegikerien biktima izateko arrisku handia dutela azpimarratu du.
Horrez gain, Europan barrena doazen emakumeak ere arriskuan daudela adierazi du, “batez ere gauez bidaiatuz gero edo gutxiengo segurtasunik ez duten ibilbidetan joanez gero”.
Harrera eremu asko jendez gainezka daudela eta argi nahikorik ez dutela kritikatu du. Gainera, bakarrik edo seme-alabekin dauden emakumezkoak gizonezkoekin nahasten dituztela deitoratu du, “eurentzako leku propioa beharko luketenean”, eta horrek gehiegikeriak ahalbidetzen dituela esan du.
Gauzak horrela, NBEren Errefuxiatu Agentziak emakumeak eta haurrak babesteko neurriak hartzeko eskatu die Europako herrialdeei, “instalazio egokiak eta seguruak eskainita, adibidez”.
Ildo berean, adingabeak atxilotu behar ez izateko alternatibak bilatzeko ere eskatu du.