Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Errefuxiatu oldea, Serbia eta Kroazia arteko mugan
Hungariak mugak itxita ditu eta Eslovakiak errefuxiatu kopuru jakin bati bakarrik uzten dio pasatzen. Hotzak egoera okertu du, gainera.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka errefuxiatu Serbian dira, pilatuta, Kroaziara, eta beraz, Europar Batasunera, sartzeko asmoz. Ostiralaz geroztik, Siriako gatazkatik ihesi doazen lagunek oztopoz josia dute Balkanetako ibilbidea: Hungariak Kroaziarekin duen muga ixtea erabaki, eta Eslovakiak herrialdean sar daitezkeen lagunen kopurua murriztu zuen.
ACNUR Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundeak duen Batzordeak ohartarazi duenez, 10.000 lagun daude Serbian, hotzak eta goseak jota.
"10.000 bat dira Serbian daudenak. Jende ibai handi bat da, bidea ixten bazaie, beste leku batean uholdeak izango dira. Horixe da orain gertatzen ari dena", ohartarazi du Melita Sunjic ACNURreko bozeramaileak.
Milaka dira Europara Balkanetako ibilbide hau erabilita heltzen diren errefuxiatuak. Turkiatik datoz, Mazedonia eta Serbia gurutzatuta. Bi herrialdeok ez dute jende oldea hartzeko nahikoa baliabide.
Hungariak Kroaziarekin duen muga itxi zuen ostiralean eta "behar beste denbora" zarratuta mantenduko duela iragarri du gaur. Neurria ezagututa, Esloveniara jo zuten errefuxiatuek, baina honek egunero 2.500 lagun bakarrik pasatzen utziko dituela jakinarazi zuen, Austriak 1.500 lagun sartzen uzten dituela argudiatuta.
Kroaziatik bidalitako 1.800 errefuxiatu heldu dira bart Esloveniara. Iheslariok hesiak, polizia eta txakurrak topatu dituzte mugan, eta lokatz artean igaro behar izan dute gaua, HTV Kroaziako telebista kateak jakinarazi duenez.