Mundua -
Errefuxiatuen krisia
120.000 errefuxiaturen banaketa onartzeko enegarren saiakera
Europar Batasuneko Barne ministroek ezohiko bilera egingo dute gaur. Ekialdeko herrialdeen erreparoak gainditzeko, derrigorrezko kuotak baztertuko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko Barne ministroek ezohiko bilera egingo dute gaur, Europako Batzordeak 120.000 errefuxiatu banatzeko egindako proposamena adosteko asmoz. Horretarako, kuotak adostu beharko dituzte, baina derrigorrezkoak izatea baztertu dute.
Hungariak, Greziak eta Italiak bizi duten egoera arindu nahi du Bruselak neurri horrekin, baina sistemaren onuraduna izateari uko egin dio Budapestek.
Ondorioz, Hungariatik beste estatu kide batzuetara eraman behar zituzten 54.000 pertsona linbo batean geratu dira oraingoz.
Erreserba bat
EBko 28 estatu kideetako enbaxadoreek bilera egin zuten bart, eta errefuxiatuen uholdea pairatzen duen edozein estatu kidek 54.000 plaza horiek bereganatzeko aukera izateko mekanismo bat aztertu zuten bertan. Hau da, asilo eskatzaile horiek banatzeko erreserba bat sortzea aztertu zuten, EBko iturriek jakitera eman dutenez. Pertsonak ateratzeko gainerako kideei laguntza eskatzea ere planteatu zuten.
Hala ere, herrialdeak zehaztu gabe erreserba bat sortzeak arriskuak ditu; izan ere, 54.000 toki horiek bidean gal daitezke. Ondorioz, Batzordearen neurriak ez lieke 120.000 pertsonari mesede egingo, 66.000ri soilik baizik.
Bestalde, kide bakoitzak onartzeko prest dagoen errefuxiatuen kopurua gaur zehaztea espero dute aldeek.
Aurrekontuari ekarpena
Era berean, banaketan parte hartu beharrean EBko aurrekontuari ekarpena egiteko aukera aztertu zuten enbaxadoreek.
Hala ere, herrialdeak ez dituzte isun ekonomikoak jarrita zigortuko, EBko Batzordeak bart aurreratu zuenez. Kuotaren % 30 urtebete atzeratzeko aukera emango diete, iturri horien arabera.
Kuota sistemaren aurka behin eta berriro agertu diren herrialdeek (Hungaria, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumania) zer jarrera izango duten ez dago argi oraindik.