Mundua -

Errefuxiatuen drama

Kroazia, Europara iristeko bide berria errefuxiatuentzat

Lehen ministroak iragarri duenez, Alemaniarako bidean, herrialdea gurutzatu nahi duten errefuxiatuei "lagundu" egingo diete.

Hungariak burdin sarea paratu du Serbiako mugan, errefuxiatuen sarbidea oztopatzeko. EFE
Hungariak burdin sarea paratu du Serbiako mugan, errefuxiatuen sarbidea oztopatzeko. EFE
Errefuxiatuak Kroaziara bideratzen hasi dira

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Serbiatik, Kroaziara, eta horrenbestez, hainbeste desira duten Europara. Baltikoko igarobidean bide berri bati ekin diote Ekialde Hurbileko errefuxiatu askok, Hungariak mugak itxi eta lege murriztailea ezarri eta gero. Hala, dozenaka iheslari ikusi dituzte Serbiako hegoaldetik Kroaziako mugara joaten.

Errefuxiatuez beteriko lehen autobusak Sid herrira (Serbia) heldu dira, Kroaziako mugatik kilometro gutxira. Hungariak Serbiako muga itxi zuen atzo, eta horrek beste bide batzuk topatzera behartu ditu gerratik ihesi dauden lagunak.

Are, Alemaniarako bidean, Kroazia zeharkatu nahi dutenek, gainera, herrialdearen "laguntza" izango dute, Zoran Milanovic lehen ministroak gaur iragarri duenez. "Kroaziatik pasatu ahalko dira, horretan lagunduko diegu", erantsi du.

Tanjug Serbiako agentziaren arabera, bi autobus eta hainbat taxi heldu dira Kroaziako muga inguruetara eta Tovarnik herrira. Beste hiru autobus espero dituzte datozen orduetan. Iheslariak Mazedoniatik sartzen dira Serbiara, 500 bat kilometro daude Kroaziako mugara.

N1 telebistaren arabera, 20 lagun sartu dira jada Kroaziara eta muga-postuetara bidean daude, agente kroaziarrak lagunduta. Hina albiste agentziari egindako adierazpenetan Domagoj Dzigumovic udaltzainak esan duenez, "errefuxiatuak erregistratzen" ari dira. Agintariek 6.000 agente bidali dituzte muga-postuetara,  balizko errefuxiatu oldeari aurre egiteko.

Sid muga herritik 15 kilometrora, antzina umeentzako ospitale bat zena moldatu du Serbiak: 250 lagunentzako lekua dago, baina oraingoz, ez da inor heldu.

Hungaria, erabat itxita

Bien bitartean, Hungariako Horgos pasabidean, ez atzera ez aurrera dauden 1.500 errefuxiatu daude. Serbiako muga ixtea erabaki zuen atzo gobernu hungariarrak eta "legez kanpoko etorkinen" kontrako lege murriztailea abiatu.

Asilo eskaera guztiak ia berehalakoan baztertu ditu Hungariak eta muga baimenik gabe pasatzera ausartzen direnak atxilotzen ditu.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Europa bideoak Alemania argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan albisteak Hungaria gaur Serbia gaur