Mundua -

Errefuxiatuen krisia

Hungaria legedia berriarekin errefuxiatuak atxilotzen hasi da

16 errefuxiatu atxilotu dituzte segurtasun indarrek. Hungariako mugan jarritako hesia ebakitzen ari zirela harrapatu ditu Poliziak.

Poliziak eta soldaduak errefuxiatuen agiriak egiaztatzen Roszketik gertu. Argazkia: EFE
Poliziak eta soldaduak errefuxiatuen agiriak egiaztatzen Roszketik gertu. Argazkia: EFE
Milaka errefuxiatu Serbian Hungariako muga noiz zabalduko zain

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legedia berria gauerdian indarrean sartu ondoren, Hungariako segurtasun indarrek 16 errefuxiatu atxilotu dituzte mugan. Araudia berriak espetxe-zigorrak aurreikusten ditu muga legez kanpo gurutzatzen dutenentzat.

Bere muga itxi zuen Hungariak astelehenean, eta agiriak dituzten gatazka zonaldeetako errefuxiatuen asilo eskakizunak bakarrik bideratuko ditu sarrera puntu ofizialetan. Bien bitartean, legez kanpo herrialdean sartzen direnei hiru urteko kartzela-zigorrak aurreikusten dituen legedia drakoniarra hasi dira aplikatzen gaur.

Roszken zabalik zegoen tartea ustekabean astelehenean itxi arte, 9.380 pertsona baino gehiago zenbatu zituen Poliziak egun bakarrean. Azken asteetan milaka pertsona sartu dira bertatik.

Mugan euren lana “ez oztopatzeko” eskatu diete gaur segurtasun indarrek kazetariei eta herritarrei. Bestalde, indarrean sartu diren legeak aplikatzeko irmo jardungo dutela ohartarazi dute.

Espetxe-zigorrak edo kanporatzea

M1 Hungariako telebista publikoak jakitera eman duenez, atxilotuak  mugan jarritako hesia ebakitzen ari zirela harrapatu ditu Poliziak. Bost urteko kartzela-zigorra ezar diezaiekete hesiari kalte egiteagatik; izan ere, larrigarri da.

Aurreneko epaiak baldintzapekoak izango direla ziurtatu dute legelariek. Horregatik, atxilotuak herrialdetik kanporatuko dituzte.

Legez kanpo herrialdean sartzen berriro harrapatzen baldin badituzte, orduan berehala espetxe-zigorra ezarriko liekete. Guztira, 130 epailek araudi berria aplikatuko dute epaiketa bizkorretan, Szegeden.

Errefuxiatuak Hungaria efe

Alanbre-hesiak tren bagoi bat estaltzen du Roszken, Hungaria eta Serbia arteko mugan. Argazkia: EFE

175 kilometroko hesi bat eraiki du Hungariako Gobernuak Serbiako mugan, hegoaldean, errefuxiatuen etorrera geldiarazteko. Gainera, 900 polizia eta 4.300 soldadu zabaldu ditu eskualdean.

Krisi egoera bi probintziatan

Hungariako Gobernuak “krisi egoera” deklaratu du gaur hegoaldeko bi probintziatan.

Herrialdean legez kanpo sartu diren 180.000 errefuxiatu baino gehiago zenbatu dituzte Hungariako agintariek aurten, baina gehienek Alemaniara, Herbeheretara edo Eskandinaviako herrialdetara arte bidaia jarraitu dute.

Human Rights Watch bezalako erakundeek errefuxiatuei emandako tratua gogor kritikatu dute. Harrera zentroetako baldintzak “ankerrak” direla ziurtatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Siriako gudaren albisteak Albisteak migrazioa Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Errefuxiatuak azken ordukoa Eskubide unibertsalak Hungaria albisteak Ultraeskuina Siria albisteak gaur