Mundua -
Immigrazioa
700 etorkin baino gehiago erreskatatu ditu Greziak azken 48 orduetan
Erreskate operazioak Lesbos, Kos, Samos eta Ikariako uharteetan bereziki egin dituzte, Turkiako kostaldetik gertu daudenez, Europara joateko biderik erabiliena baita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Greziako Kostako Guardiak 700 etorkinetatik gora erreskatatu ditu azken bi egunetan herrialde horretako hainbat uhartetan. Gainera, etorkin-trafikatzaileen eta Itsas Armadaren artean izandako tiroketa batean 17 urteko etorkin bat hil da.
Erreskate operazioak Lesbos, Kos, Samos eta Ikariako uharteetan bereziki egin dituzte, Egeo itsasoan, Turkiako kostaldetik gertu daudenez, Europara joateko biderik erabiliena baita.
Horietako operazio bat Simiko ohartetik hurbil jazo da, eta etorkin-trafikatzaileen eta Kostako Guardiaren artean izandako tiroketaren ondorioz, 17 urteko etorkin bat hil da.
Greziak jakinarazi duenez, 70 etorkin zeramatzan ontzi bateko ustezko trafikatzailek Greziako Kosta-Guardiako eta Frontexeko ontzien aurka tiro egin dute. Etorkin gaztea hiltzeaz gain, Kosta-Guardiako kide bat eta ustezko trafikatzaile bat zauritu dira.
Siriatik datoz, batez ere
Bestalde, Atenaseko Pireo portura 2.488 lagun heldu dira bart "Eleftherios Venizelos" ontzian. Etorkinak uharteetatik Grezia kontinentalera ekartzeko lanean dihardute azken asteetan.
Etorkin gehienak autobusez eraman dituzte tren geltoki nagusira, eta hortik Mazedoniako mugara abiatuko dira. Bi herrialdeak gainezka daude etorkin-fluxua dela eta.
Errefuxiatu gehienak siriarrak dira, eta Europako erdigunera eta iparraldera iristeko asmoa dute.