Mundua -
Immigrazioa
Gutxienez 49 lagun hil dira Libia parean izandako naufragio batean
Beste 312 lagun, horien artean 45 emakumezko eta hiru adingabe, bizirik erreskatatu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 49 etorkin hil dira larunbat honetan izandako naufragio batean, Libia parean, Italiako Itsas-Armadak Twitterren bidez baieztatu duenez. Halaber, beste hainbat lagun erreskatatu dituztela jakinarazi du.
Massimo Tozzi Cigala Fulgosi Itsas-Armada militarreko ontziaren komandanteak erreskate-lanak zuzendu ditu, eta hark azaldu duenez, beste 312 lagun, tartean 45 emakumezko eta hiru adingabe, bizirik erreskatatu dituzte.
Gainera, hildakoak zenbatzen ari direla iragarri du (momentuz, 49 hildako), eta Itsas-Armada desagertuen bila oraindik dabilela esan du. Itsas-Marinaren aburuz, litekeena da hildakoak itota hil izana.
Tozzik azaldu duenez, bizirik atera diren lagunak Italiako Itsas-Armadaren ontzi batean daude, eta Italiako portura eramango dituzte. Gainera, mediku-azterketa egin dietela baieztatu du.
Bestalde, Barne ministro italiar Angelino Alfanok nazioarteari deia egin dio, "Libiako krisia piztutako sumendia baita, eta ez dago Italia parean, Europa parean baizik".
"Immigrazioaren arazoak nazioarte osoari eragiten dio", esan du Alfanok prentsaurreko batean. "Gadafiren erregimenaren ostean, Italiak ordaindu du, asko gainera", gaineratu du.
Mugarik Gabeko Medikuak
Bestalde, 'Phoenix' Mugarik Gabeko Medikuak Gobernuz Kanpoko Erakundearen ontziak 201 lagun erreskatatu ditu Mediterraneoko uretan. Erreskatatuen artean gutxienez 11 emakumezko eta 12 adingabe daude.
200 immigrante baino gehiago erreskatatu dituzte Greziako Kos uhartean
Greziako Kostaldeko Guardiak gutxienez 212 etorkin erreskatatu ditu gaur Egeo itsasoan dagoen Kos uhartean. Aipatu uhartea gainez eginda dago migrazio-krisi larriak jota, ehunka etorkin eta errefuxiatu heltzen baitira egunero.
Greziako kostazainak goizeko lehen orduetan lau ontzi pneumatiko eta txalupa azkar bat erreskatatu dituzte.
Horren ostean Koseko portura eraman eta bertan atxilotu dituzte, ez baitzuten soinean bidaiatzeko beharrezkoa den dokumentazio legalik. Horietako gehienek Grezia kontinentalera iritsi nahi dute, handi bidaiatzen jarraitzeko Europa erdialdera edota iparraldera iristeko asmoz.