Mundua -
Immigrazioa
225.000 etorkin Europara heldu dira aurten Mediterraneotik
Greziako azpiegiturek gerran dauden herrialdeetatik heltzen ari den errefuxiatu kopurua artatzeko gaitasunik ez dutela ohartarazi du Alexis Tsipras lehen ministroak.
Agentziak | Erredakzioa
225.000 errefuxiatu eta etorkin baino gehiago Europara heldu dira aurten Mediterraneotik, erdia baino gehiago, 124.000 bat Grezian lehorreratu dira, Lesvos, Kos, Quios, Samos eta Leros uharteetan batez ere.
Lehorreratzeak izugarri areagotu dira Grezian, urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra bitartean % 750 gora egin dute, iazko epe berdinarekin alderatuta, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak zehaztu duenez.
Grezian, 50.000 lehorreratze zenbatu zituzten uztailean bakarrik, aurreko hilean baino 20.000 gehiago.
Egunero Greziako kostaldera heltzen diren etorkinak eta errefuxiatuak hartzeko baldintzak “kaotikoak” direla esan du NBEk. Gehienak Siriatik datozela azpimarratu du (% 63 aurten).
Lau urte gerra zibil batean murgilduta eman ditu Siriak dagoeneko. Ondorioz, ez dago zalantzarik errefuxiatuak dira eta nazioartearen babesa jasotzeko eskubidea dute.
Ondoren, Afganistan eta Irak dira Greziara heltzen diren errefuxiatu gehienen jatorria; izan ere, gatazka armatuak bizi dituzte bi herrialde horietan ere.
Grezia ez da horrenbeste etorkin hartzeko gai
Greziako azpiegiturek Siria edo Afganistan gerran dauden herrialdeetatik heltzen ari den errefuxiatu kopurua artatzeko gaitasunik ez dutela onartu du Alexis Tsipras lehen ministroak. Mediterraneoko krisiaren erantzukizuna Europako erakundeek ere dutela adierazi du Tsiprasek.
“Europar Batasuna elkartasunaren EB edo bakoitzak bere mugari eutsi nahi diona ote den egiaztatzeko unea da”, esan du Tsiprasek. Greziak bizi duen migrazio-krisiari irtenbide bat emateko zenbait ministrorekin bilera egin du gaur buruzagiak.