Mundua -

Dokumentazioa

Greziak hartu beharko dituen neurriak erreskatea jasotzeko

Tsiprasek bere diskurtsoaren kontra zihoazen hainbat neurri onartu behar izan ditu, Troikaren parte-hartzea eta BEZaren igoera, besteak beste.

M.G | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko Estatu eta Gobernuburuek Greziaren inguruko akordioa lortu dute gaur goizean, hirugarren erreskateari buruz negoziatzen hasteko. Ordainean, Greziak baldintza gogorrak bete beharko ditu, horien artean berehala martxan jarri beharko dituen erreformak.

Hala, erreskate programa berrian bermatuta egongo da Nazioarteko Diru Funtsaren parte-hartzea, Atenasek galarazi nahi zuen arren.

Pribatizazio plan bat ere onartu beharko du Tsiprasek, 50.000 milioi euro lortzeko. Diru hori funts batean sartu beharko du, eta "erakunde independente bat" arduratuko da funts horretaz: 25.000 milioi Greziako bankuen berkapitalizazioa ordaintzeko bideratuko dira; gainerakoa, Greziaren zorra ordaintzeko eta "inbertsioetarako" erabiliko da.

Uztailaren 15a baino lehenago, BEZa igo beharko du, pentsio sistema aldatu, Greziako estatistika agentziaren independentzia bermatu eta gastuen murrizketa automatikoak ezarri superabit helburuak betetzen ez badira. Hala, pentsioen erreforma defizit zero klausularen arabera egin beharko dute.

Uztailaren 22a baino lehen, Greziako Gobernuak Prozedura Zibilen Kodea bere egin beharko du, justizia zibilaren prozedurak bizkortzeko eta kostuak txikitzeko.

Greziako Parlamentuak hori guztia onartu ostean, hirugarren erreskatea jasotzeko negoziazioak abian jarri ahal izango dituzte.

Hala ere, beste baldintza batzuk betetzen joan beharko du Atenasek. Besteak beste, energiaren sektorea pribatizatu beharko du.

Era berean, lan merkatuaren erreforma egin beharko du, eta iraganeko lan politikak ezingo dituzte berriro ezarri.

Bestalde, Greziako Gobernuak Troikaren oniritzia beharko du lege zirriborroak Parlamentura eraman aurretik.

Zenbatekoa

Erreskatea, onartuz gero, hiru urterako izango da, eta aintzat hartu beharko dute Troikak (Europako Banku Zentrala, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Batzordea) 86.000 milioi euroko finantza beharra aurreikusi duela.

Behar horien barruan sartu dituzte datozen hilabeteetako premiazko ordainketa batzuk: 7.000 milioi euro uztailaren 20rako, eta beste 5.000 milioi euro abuztu erdialderako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa bideoak Grezia