Mundua -

Grezia

Galdeketa irabazi ezean dimisioa eman lezakeela iradoki du Tsiprasek

Erreferendumean nazioarteko erakundeen azken proposamena baztertzea eskatu du Atenasko Gobernuak.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa, telebista publikoan. EFE
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa, telebista publikoan. EFE
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa, telebista publikoan. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak aurreratu du errespetatu egingo duela igandeko erreferendumaren emaitza, baina iradoki du dimisioa emango duela galtzen badu.

"Ez naiz betiko izango lehen ministro", adierazi du ERT telebista kate publikoan bart eskainitako elkarrizketa batean.

Atenasko Gobernuak ezetzaren alde egin du erreferendumean. Hain zuzen ere, erreskatea luzatzearen truke nazioarteko hartzekodunek aurkeztutako azken proposamena onartu edo ez galdetuko dute. Plan horrek murrizketa sozial gehiago eta zergak igotzea ekarriko luke.

Tsiprasen esanetan, "akordio justu" baten alde borroka egin du, eta erreferendumean ezetzak irabazita ere, hurrengo astelehenean negoziatzen jarraituko dutela aurreratu du.

"Biziraun egingo dugu, eta gure etorkizuna erabakiko dugu", nabarmendu du.

NDFri ordainketarik ez

Bestalde, Greziak 1.600 milioi euro itzuli behar dizkio gaur Nazioarteko Diru Funtsari (NDF), baina Tsiprasek aurreratu du ez dutela ordainduko, gaur akordioa lortu ezean.

"Akordio sostengarria lortzen badugu bakarrik ordainduko dugu", ohartarazi du.

Junckerren azken eskaintza

Testuinguru horretan, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak azken orduko beste eskaintza bat aurkeztu dio Greziako Gobernuari, akordioa lortzen saiatzeko. Izan ere, erreskatearen luzapena gaur bertan amaituko da.

Nolanahi ere, zaila dirudi Greziako lehen ministroak erreferenduma bertan behera uztea.

Oraingoz ez dute zehaztu zertan datzan Junckerren azken proposamena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Batasun europarra Europako herrialdei buruzko albisteak NDF berriak Ekonomia berriak Grezia EBZri buruzko azken albisteak gaur