Mundua -

Krisia eurogunean

'Corralito'a Grezian: bankuak itxita izango dira uztailaren 6a arte

Herritarrek egunean gehienez ere 60 euro atera ahalko dituzte kutxa automatikoetatik. Burtsa ere itxita egongo da, astebete gutxienez.

Ilara-luzeak Greziako kutxazainetan. EFE
Ilara-luzeak Greziako kutxazainetan. EFE
Ilara luzeak Greziako kutxazain automatikoetan

00:55

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Gobernuak corralito-a ezarri du: bankuak itxita egongo dira gaurtik uztailaren 6a arte, eta herritarrek egunean gehienez ere 60 euro atera ahalko dituzte kutxa automatikoetatik.

Atenasko Burtsa ere itxita izango da, gutxienez astebete.

Gobernuak onartutako dekretuaren arabera, kutxa automatikoak 12 orduz irekiko dituzte gaur. Herritarrek kreditu txartelen bidez egin ahalko dituzte ordainketak, baina bankuen webguneetatik.

Turistei ez diete ezarri kapital kontrolik, eta dirua atera ahalko dute euren herrialdeetako kreditu-txartelak erabilita.

Atzerrirako transakzioei dagokienez, oinarrizkoenak egin ahalko dira; sendagaiak erosteko, adibidez. Batzorde batek gainbegiratu eta onartu beharko ditu operazio guztiak.

Pentsioei ere ez diete mugarik edota kontrolik ezarri.

Telebistan egindako agerraldi batean, Alexis Tsipras lehen ministroak Eurotaldeari egotzi dio egoera honetara heldu izana, erreskatea luzatzea baztertu baitu.

Tsiprasek erreferenduma deitu du iganderako, nazioarteko erakundeek (Europako Banku Zentrala, Europako Batzordea eta Nazioarteko Diru Funtsa) egindako azken proposamena onartu edo ez erabakitzeko.

"Erreskatea luzatzea ukatu izanak kapital kontrolak ezartzera behartu gaitu", salatu du Tsiprasek, eta hurrengo egunetan "lasaitasuna" mantentzeko deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Batasun europarra Europa NDF bideoak Grezia Europako Banku Zentralari buruzko azken albisteak