Mundua -
Zorraren negoziazioa
Grezia eta Brusela, 'ke zuria' lortzetik gertu
Angela Merkelek 'zenbait aurrerapauso' atzeman dizkio Tsiprasen proposamenari. Greziak pentsio sistema gogortu eta kreditu emaileek eskatutako helburu fiskala onartu du.
Agentziak | Erredakzioa
Nazioarteko kreditu emaileen eskarietatik gertuago dago Greziak egindako azken proposamena. Baliteke akordioaren berri ematea Euroguneko estatu kideek eta Greziak berak asteon bertan. Aita Santua izendatzeko adostasuna badagoela iragartzeko erabiltzen den 'ke zuria' iristear egon liteke kasu honetan ere.
Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak nabarmendu duenez, "aurrerapauso positiboa" da Greziak astelehenean egindako bileran aurkeztutakoa.
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko burua ere baikor agertu da: "Asteon bertan lortuko dugu behin betiko akordioa". Tsiprasen gobernuak aurkeztutako testuari doikuntza teknikoak egin behar dizkiote orain, eta Euroguneko estatu kideetako Ekonomia eta Finantza ministroen eta Europako Kontseiluko buruzagien galbahea pasatu beharko du: asteazkenean eta ostegunean egingo dituzte bilera horiek.
Tsipras: 'Hartzekodunen teilatuan dago pilota'
Azken asteetan ikusitako irudi berberak ikusi ditugu astelehenean; Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko burua, eta Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko eta Jeroen Dijsselbloem Euroguneko presidenteak, denak negoziatzeko prest. Oraingoan, baina, baikorrago atera ziren denak.
Bi proposamen aurkeztu ditu Greziak (astelehen goizaldean, lehena, eta goizean, bigarrena), eta bilera eta harreman ugari izan dira ondoren.
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak akordio globala nahi duela azaldu du. "Hartzekodunen teilatuan dago orain pilota", esan du bigarrena aurkeztu eta gero.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak berak ere tonu leuna erabili du Greziari buruz hitz egiteko. Haren ustez, Tsiprasen proposamenak 'zenbait aurrerapauso' ditu eta ez du zorra birfinantzatzeko aukera erabat baztertu.
Zer proposatu du Greziak?
Hasiera batean proposatutako neurriak gogortu ditu Greziako Gobernuak, eta 2015-2016an 8.000 milioi euroko diru-sarrerak aurreikusi ditu, dirutza "gako da zorraren auzia konpontzeko", testuaren arabera.
Europako Banku Zentralean dauden bonuak (27.000 milioi euro) Egonkortasunaren Europar Mekanismoan sartzea proposatu du Tsiprasek. Hala, itzultzeko epeak negoziatu eta interes tasak gutxitzea espero du mugimendu honekin Greziak.
Bazkideek eskatu dioten moduan, 2015ean superabit primarioa % 1ekoa eta 2016an % 2koa izateko konpromisoa hartu du Syrizaren gobernuak eta BEZaren erreformak hiru tarte (% 6, % 13 eta % 23) izaten jarraituko du.
Pentsioen sisteman egindako aldaketak dira proposamenaren giltza. Izan ere, hartzekodunen eskakizunetara makurtu da Tsipras, eta aurretiko erretiroak gutxitzen joango da 2016tik aurrera eta 2025erako desagerrarazi egingo ditu. Pentsioen kutxaren defizita murrizteko neurriak ere hartuko ditu Greziak, besteak beste, Gizarte Segurantzan kotizazioen kopuruak igota.
Sozietateen Zerga % 26tik 29ra igotzea aurreikusi du Greziak, eta enpresa handiei (500.000 euro baino gehiagoko etekinak dituztenei) % 12ko zerga ezarriko die. Luxuzko autoen, igerilekuen eta yateen jabeek ere gehiago ordaindu beharko dute.
Bigarren erreskatearen epea zazpi egun barru, ekainaren 30ean, bukatuko da eta egun horretan 1.600 milioi euro ordaindu beharko ditu Atenasek. Ordurako itxita beharko luke akordioak.