Mundua -

G7ko goi-bilera Bavarian

Errusia zigortzen jarraituko dute, 'Moskuk norabidea aldatzen ez badu'

Bestalde, Greziako krisiari amaiera emateko zailtasunak aitortu ditu Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak G7ko goi-bileran.

Merkelek G7ko buruzagi guztiak hartu ditu Bavarian. Argazkia: EFE
Merkelek G7ko buruzagi guztiak hartu ditu Bavarian. Argazkia: EFE
Obama eta Merkel, G7aren goi-bileraren protagonistak

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak G7ko goi-bileran gaur esan duenez, Ukrainaren gatazkaren harira, Errusiari ezarritako zigorrak desagertuko dira bakarrik horiek ezartzeko arrazoiak desagertuz gero.

"ZDF" telebista-kateari eskainitako elkarrizketan Merkelek esan duenez, gaurko afarian "komuneko seinalea" emango dute Errusiaren gaineko zigor ekonomikoak eta politikoak luzatzeko. "Zigorrak baliogabetuko ditugu horiek abiatzeko arrazoiak desagertzen badira", iragarri du.

Krimeako penintsula anexionatzeagatik eta Ukrainako ekialdian errusiazalei laguntza militar eta ekonomikoa eskaintzeagatik Errusia zigortu dute Europako herrialde industrializatuenek.

Merkelek azaldu duenez, Errusiak Minskeko bigarren akordioa betetzen badu, litekeena da zigorrak arintzea. Itun hori Putinek eta Petro Poroshenko Ukrainako presidenteak sinatu zuten separatistekin joan den otsailean, Merkelen eta Frantziako presidentearen bitartekaritzarekin.

"Zigorrak bertan behera uztea Errusiaren eta Ukrainaren esku dago", gaineratu du kantzilerrak. "Zigorrak ez dira helburua berez, baina batzuetan beharrezkoak dira".

Gauzak horrela, G7ko buruzagiek goi-bileraren hasierari ekin diote igandean Bavariako Elamu jauregian (Alemaniako hegoaldean), eta bi gai nagusi izan dituzte igande honetan mintzagai: batetik, egoera ekonomikoa, eta, bestetik, Errusiarekin izandako harreman zailak, Ukrainako krisia dela-eta.

Izan ere, Vladimir Putin Errusiako presidentea gabe egindako bigarren goi-bilera da, Errusiak Krimeako penintsula anexionatu ostean, nazioarteko buruzagiek ezarritako zigorraren ondorioz.

Greziako krisiari amaiera emateko zailtasunak onartu ditu Merkelek

Munduko Herrialde Aberatsanen taldea osatzen duten G7 taldeko Europako kideek Greziako krisiari amaiera emateko zailtasunak onartu dituzte gainerako kideen aurrean eta agerian gelditu dira Greziaren eta hartzekodunen arteko diferentziak.

"Ezin dugu oraindik esan arazoa konponduta dagoenik", esan du Merkelek. Dena den, helburua lortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du.

Merkelek eta Hollandek telefonoz hitz egin zuten larunbatean Alexis Tsipras Greziako lehen ministroarekin, eta igandean Junckerrek azaldu duenez, "oraindik ez dugu jaso Atenasen partetik proposamen alternatiborik" erreforma-plangintza itxi eta pendiente dagoen finantza-laguntza desblokeatu ahal izateko.

Merkel, Hollande eta Tsipras asteazkenean elkartuko dira Bruselan Europar Batasunak Latinoamerikako eta Karibeko estatuekin egin behar duen goi-bilera baliatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Ukraina Errusia Vladímir Putin argazkiak Barack Obama bideoak Angela Merkel bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa G7 goi-bilera Italian Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa